Markel Aranok zilarrezko domina irabazi du Bizkaiko Txapelketan
Atleta natxituarra 400 metroko lasterketan geratu da txapeldunorde.
Pistako Atletismo Egokituko Bizkaiko Txapelketan 400 metroko lasterketan parte hartu zuen Markel Arano atleta natxituarrak, zapatu arratsaldean [ekainak 26], Basauriko Artunduaga pistan. Proba bakarra lehiatu eta txapeldunorde geratu zen.
1,0642 minututan amaitu zuen 400m-ko lasterketa. Krill Preaza izan zen azkarrena, 1,01eko markagaz geratu zen txapeldun, eta Andoni Martinek osatu zuen podiuma, 1,11 denboragaz. Natxituarrak podiumean sartzeko aukerak zituela bazekien, eta egindako markagaz pozik dago. Lasterketa “oso gogorra” egin zitzaion: “Txarto pasatu nuen, ez nagoenez erritmo horietara ohituta, gogorragoa egin zitzaidan. Maratoiko entrenamenduak suabeak eta luzeak dira, eta hau laburra eta intentsoagoa da, luzea eta gogorra egin zitzaidan”.
1.500 m-koa lehiatzeko izan zen, baina entrenatzaileak haren ordez 400 m-koa egiteko esan zion: “1.500 m-koan Mikel Garciak bere kategoriako Europako errekorra gainditu zuen, sei minututik jaistean”. Hain zuzen, orain dela bi aste Munduko Txapelketa lehiatu zuen atleta bilbotarrak eta 400, 800 eta 1.500 metrotan urrezko dominak, eta pisu jaurtiketan zilarrezko domina irabazita bueltatu zen.
Bilboko maratoia da Aranoren aurtengo helburua, eta horretarako entrenatzen ari da: “Ez dugunez egutegi zehatzik, antolatzen diren proba denak aprobetxatu behar ditugu. Espero dugu udan lasteketa batzuk egotea, besteak beste, abuztuaren 15ean Natxituko Lapatzako Igoera egitea espero dut”.