Lumoko Lope Alberdi organoa zaharberritu dute
On Joseba Segura Bilboko gotzain nagusiak bedeinkatu du organoa, eta haren doinuak mezan entzun ahal izan dituzte bertaratutakoek. Eraberritze lanak Alejandro Turanzasen organeroen tailerrak egin ditu, Gondra Barandiaran Fundazioaren babesari esker.
1909ko Lumoko San Pedro elizako organoa zaharberritu dute, Lope Alberdik eraikitakoa. Gaur, San Pedro egunez, organoaren doinuak entzun ahal izan dira Lumoko elizan. Hain zuzen ere, On Joseba Segura Bilboko gotzain nagusiak bedeinkatu du organoa, eta haren doinuak mezan entzun ahal izan dituzte bertaratutakoek. Meza ostean, Unai Iriondo organo-jotzaileak kontzertua eskaini du.
“Ehun urte baino gehiago liturgia aberasten eta entzuleak gozarazten aritu ondoren, Lumoko organoak premiazko esku-hartzea behar zuen, intsektu xilofagoen erasoaren ondorioz eta hainbat materialen higaduraren ondorioz”, adierazi dute Gernika-Lumoko Lope Alberdi Organoaren Lagunen Musika Kultur Alkarteko kideek.
Eraberritze lanak Alejandro Turanzasen organeroen tailerrak egin ditu, Gondra Barandiaran Fundazioaren babesari esker. “Organoaren zaharberritze integrala izan da. Dena hartu da kontuan: noten mekanikak, erregistroen mekanikak, airearen elikadurarenak… denak aztertu eta eraberritu ditugu. Organoak motorra izan aurretik airea emateko eskuzko modua ere berreskuratu dugu”, adierazi du Turanzasek. Kaltetuta zegoen hodia ere konpondu dute, eta mekanika guztiak desmuntatu, garbitu, zuzendu eta berriro muntatu dituzte. Azkenean, organoaren tonu originala berreskuratu dute. Zaharberriztea hamar hilabeteko lana izan dela zehaztu dute.
Lumotarrentzat “oso garrantzitsua” izan da organoa konpontzea, ondare kulturala berreskuratzea suposatzen duelako. Iziar Baraiazarra lumotarrak eurentzako organoa “oso berezia” dela dio: “Guk organoa ume-umetatik entzun izan dugu, eta esaten zuten gure organoa oso berezia zela. Organoa zaharberritzea poz handiz hartu dugu, emozioz beteta gaude. Ederra izan da. Egun honen esperoan egon gara”. Maria Angeles Agirrelespeiti lumotarrak ere, inaugurazioa “elegantea” izan dela dio. “Organoa estimuan izan dugu beti, eta berritzen egon den denboran faltan izan dugu. Mezak triste zeuden organo barik. Gaur berriro entzuteak poza eman digu”, adierazi du.
Lope Alberdi Rekaldek (Gautegiz Arteaga 1868- Bartzelona 1947) 1909an eraikitako organo da Lumokoa. 2004an Lumoko San Pedroko organora bisita egin ondoren, Benantzi Bilbao irakasleak pinuzko zurezko ohol bat aurkitu zuen koruko kutxan, hasiera batean batere baliorik ez zuela zirudiena. “Baina ohol horrek organoaren eraikuntzari buruzko informazio garrantzitsua eman zuen”, diote arduradunek. Izan ere, Lorenzo Uribe eta Faustino Zabaletak 1909ko urriaren 6an jarri zutela bertan dio. Hori gogoratzen duen plaka ere ikus daiteke San Pedro elizan.
Busturialdean, zortzi. Busturialdean bakarrik, zortzi organo bisita daitezke, organo erromantikoaren bilakaera erakusten dutenak, ale erabat mekanikoetatik organo erabat pneumatikoetaraino. “Lope Alberdiren ausardia eta talentua harantzago doaz, eta modu deigarrian aurkitu ditzakegu asmakizun bakarrak dira hauek. Horien artean daude, baita ere, Mundakako Andra Mariko kutxa pneumatikoa, Ibarrangeluko San Andres elizako harpa erregistroa, edota Bermeoko San Frantziskoko biolontxeloa eta haren hauspoak”.