Hitzaren egutegiak janzteko lehiaketa
2022ko egutegiak irakurleen argazkiekin diseinatu nahi du HITZAk eta, horretarako, argazki lehiaketa antolatu du. Uztailaren 1ean hasi eta argazkiak aurkezteko epea abuztuaren 31n amaituko da.
Hamabi hilabete, eta hamabi sari. Urte amaieran HITZAk kaleratzen dituen bi egutegiak jantziko dituen argazkien bila ari da. Horregatik, argazki lehiaketa antolatu du. Busturialdeko mahaigaineko egutegia eta Lea-Artibai eta Mutrikuko hormako egutegia, biek ere irakurleek ateratako argazkiak erakutsiko dituzte.
Uztailaren 1ean hasiko da lehiaketa, eta parte-hartzaileek abuztuaren 31 arte izango dute argazkiak bidaltzeko aukera. Parte hartzeko, bi eskualdeotako webguneetan dagoen bannerrean klik egin eta galdetegia erantzunda bidali daitezke argazkiak [lea-artibaietamutriku.hitza.eus eta busturiadea.hitza.eus].
Horrez gain, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza papereko egunkarian argazki lehiaketaren iragarkian agertzen den QR kodea eskaneatuta ere parte hartu daiteke lehiaketan. Hori bai, parte-hartzaile bakoitzak eskualde bateko edo besteko argazkia aurkeztea erabaki beharko du; izan ere, argazki bakarra baino ezingo da aurkeztu lehiaketara.
Gaia librea da, baina lanak originalak eta beste inon argitaratu gabeak izan beharko dute. Era berean, beste lehiaketaren batean saritu gabeak izan beharko dute, eta parte hartuko duen eskualdean ateratako argazkiak izan beharko dira.
Irakurleen botoa.
Lanak JPG edo PNG formatuan bidali beharko dituzte egileek, eta gutxienez 800 Kb-ko pisua izan beharko dute, paperean inprimatzerakoan kalitate ona izan dezan.
Lehiaketara aurkezten diren lan denen artean onenak aukeratuko ditu epaimahaiak. Guztira hamar argazki aukeratuko dituzte, Lea-Artibai eta Mutrikuko bost eta Busturialdeko beste bost. Epaimahaia, hain zuzen, argazkilaritzan adituak diren hiru pertsonak osatuko dute: Mari Karmen Morenok [IKU argazkiak –Markina-Xemein–]; Yolanda Eizagirrek [Klik-Klak –Ondarroa–] eta Beñat Bonillak [Bonilla argazkiak –Gernika-Lumo eta Bermeo–].
12 argazkietatik falta diren biak irakurleek aukeratuko dituzte. Busturialdeko eta Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzetako webguneetan eman ahalko da botoa. Hitzak irailaren 14an argitaratuko ditu irabazleen izenak.
Sariei dagokienez, irabazle denentzako berdinak izango dira. Hain zuzen, epaimahaiak eta irakurleek aukeratzen dituzten 12 horietako egileek nahi duten argazkia inprimatu ahal izango dute formatu zurrunean, 30×40 zentimetroko euskarri gogorrean. Argazki dendek eskainitako saria izango da hori.
Horrez gain, Hitzakide digitalaren harpidetza doan izango dute urtebetez, eta 2022. urteko egutegi biak ere eskuratuko dituzte, hormakoa eta mahai gainekoa.