Hiru kontzertu eskainiko dituzte aurtengo Jazzber jaialdian
Ekainaren 30ean, uztailaren 1ean eta uztailaren 2an eskainiko dituzte emanaldiak, Bermeoko Kafe Antzokian. Gonbidapenak Gizarte eta Kultura Etxean hartu behar dira, eta pertsona bakoitzak eguneko gehienez lau sarrera eskuratu ditzake.
Egungo egoerara egokituta, egitarau xumeagoagaz dator 2021eko Jazzber. Udal arduradunek azaldu modura, pandemiak bertan behera utzi zuen iazko Jazzber jaialdia, baina aurten “indarberrituta dator, eta eskaintza benetan interesgarria plazaratuko du egunotan”.
Bermeoko 23. Jazzaldian, Alex Monfort Trio, Emma Nagy Quintet eta Haizea Martiartu Quartet igoko dira Bermeoko Kafe Antzokiko oholtzara, bihar hasi eta barikura bitartean. Saio guztiak 20:00etan hasiko dituzte.
Jesarlekuak zenbatuta egongo dira, eta emanaldietara joateko aurretiaz gonbidapenak eskuratu behar dira. Gizarte eta Kultura Etxean hartu behar dira sarrerak, eta pertsona bakoitzak eguneko gehienez lau sarrera eskuratu ditzake.
Monfort piano-jotzailearen eta bere kideen (kontrabaxua eta bateria) Introspeccion azken lana Frantziako jazz argitalpenetan txalotua izan da.
Emma Nagy Quintet taldea 2018an sortu zen Budapesten, eta ordutik bi lan kaleratu dituzte: Set of fase (2019) eta LFO (2020). Azken hiru urteetan Hungariako jaialdi zein klub garrantzitsuenetan jo dute.
Bestalde, Folketik Jazzera Ensemble izenburupean, Martiartuk bere konposizioak aurkeztuko ditu Bermeon. New Orleans edo Chicagoko soinuez bustiko du Bermeoko Kafe Antzokia.
EGITARAUA:
- Ekainak 30, eguaztena: Alex Monfort Trio.
- Uztailak 1, eguena: Emma Nagy Quintet.
- Uztailak 2, barikua: Haizea Martiartu Quartet. Folketik jazzera.