Mikel Retolazak irabazi du lehenengo Argi Baltza bertsolari sariketa
Asier Galarzaren kontra lehiatu zuen bertsolari busturiarrak Jon Lopategiren memorian oinarritu zen buruz burukoa. Aurrerantzean ere Argi Baltza sariketa antolatzen jarraitzeko asmoa agertu dute Lilibertsokoek.
Mikel Retolazak irabazi du Jon Lopategi omentzeko Argi Baltza Bertsolari Gazteen sariketa. Jabier Arriaga Txiplasek jantzi zion txapela atzo Bermeoko Artza frontoian jokatu zen finalean. Jon Lopategiren lehenengo ikasleatako bat izan zen Txiplas eta bere bidelagun leial urte askotan.
Retolazak ez zuen espero txapelketa irabaztea: “Espero ez duzunean horrelako gauzak gertatzen dira. Tentsioz hasi nuen saioa. Ez nuen gozatu hasiera nahi beste eta normalean gozatzen dudan moduan. Baina ahalik eta hoberen egiten saiatu nintzen, eta buruz burukora sailkatu nintzela esan zidatenean hasi nintzen sinisten. Orduan hartu nuen gorakada, eta konfiantza. Hortik aurrera gustura aritu nintzen”.
Asier Galarzaren kontra lehiatu zuen bertsolari busturiarrak Jon Lopategiren memorian oinarritu zen buruz burukoa. “Lagun handia dut Asier. Ni baino hiru urte gazteagoa izan arren, ni bertsotan hasi izanaren errudun handienetako bat da”, adierazi du Retolazak. Galarzagaz lotura “sendoa” daukala dio, eta beragaz lehiatzea “oso berezia” izan zela onartu du.
Lopategiren omenez antolatutako txapelketa irabazi izana ere berezia da Retolazarentzat: “Pertsonalki ezagutu nuen, bertso eskolatatik kanpo. Bere azken urteetan gure bertso ekintza askotara etortzen zen eta estimu handia diot. Erreferentea izan da, bere beharragaitzik izango ez balitz, ez dakit bertsoa bizirik mantenduko zen. Ohorea bat da niretzako Argi Baltza irabazi izana”.
Eurekaz batera, Imanol Uria, Txaber Altube, Iruri Altzerreka eta Asier Alcedo oholtzaratu ziren. “Jendeak ere erantzun zuen, 100 ikus-entzule gerturatu baitziren frontoira, eta oso pozik gaude”, adierazi dute Lilibertsoko kideek. Gainera, buruz burukoan bi Lilibertsokide aritzea ere eurentzat pozgarria dela diote.
Atzoko finalagaz ziklo bateri amaiera eman diote Lilibertsokoek, baina lehenengo Argi Baltza Bertsolari Gazteen Sariketa hasi baino ez dela egin diote. “Hainbestetan oroitu dugun Baltzak ereindako transmisio lana elikatzen jarraituko dugu”, adierazi dute. Izan ere, aurrerantzean, Argi Baltza bertso sariketa gazteentzako agertokia izatea bilatu gura dute, urtero sariketa bultzatuz: “Gazteei plaza eskaintzea da asmoa, eta aurrerantzean ere hori egiten jarraitzeko asmoa daukagu“.
Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete sariketa antolatzen lagundu dieten guztiei. “Sariketan zehar parte hartu duten bertsolarieri besarkada bana eta aipamenik gozoena frontoietan ikusle modura egon diren bertsozaleei, zuek egin duzue sariketa hau eder”.
Ez dituzte ahaztu kanporaketak euren herrietan hartu eta eurekaz lan egiteko prest agertu diren Ajangizko, Gautegiz Arteagako, Muxikako eta Bermeoko Udalak. “Jonek ondo jakiten zuen moduan, Bermeok badauka zerbait berezia polit bihurtzen duena. Ezin genuen leku hoberik aukeratu finala jokatzeko. Bertsolaritza euskara zabaltzeko erraminta gustagarri bat da eta horregatik behar du Bermeok bertsoa, bertsoak Bermeo behar duen era berdinean”, adierazi dute Lilibertsokoek.