Herriko plaza berritzeko parte hartze prozesua zabalduko du udalak
Gautegiz Arteagako Udalak 10 proposamen jaso ditu herriko plaza berritzeko, eta parte hartze prozesua zabalduko du aukeraketa prozesurako. Epaimahaiak 10 proposamenetatik hiru aukeratuko ditu eta herritarrek horien artean bozkatzeko aukera izango dute.
Gautegiz Arteagako Udalak herriko plaza berrituko du, eta 10 proposamen jaso ditu hori egiteko. Hain zuzen ere, proiektua idazteko kontratua esleitzeko hautaketa prozesua hasiko du uztailaren 1ean. Epaimahaiak jasotako hamar proposamenak aztertuko ditu, eta hiru proiektu finalistak aukeratuta, parte hartze prozesua abiatuko du arteagatarren artean. Herritarrek hiru proiekturen artean gustukoenaren alde bozkatzeko aukera izango dute bizilagunek.
Epaimahaia hurrengoek osatuko dute: epaimahaiburua izango den alkateak, zinegotzi batek, udaleko bulego teknikoko arkitekto aholkulariak, arau subsidiarioak berrikusteko ardura duen taldeko arkitekto batek, eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak proposatutako goi mailako bi arkitektok. Aukeraketa egiterakoan, oinarri teknikoetan eskatutako baldintzak bete izana hartuko da kontuan. Hain zuzen ere, eskatu zuten 300 metro koadroko inguru eremu estalia izatea, plaza kultur etxeko sotoko solairuagaz lotzea, kultur etxearen atzeko aldea oinezkoentzat konektatzeko urbanizatzea, aparkalekurako bi plaza mugikortasun murriztuko pertsonentzat izatea, erabilera anitzeko gunea izatea, aparkaleku eta zerbitzuetarako aparkalekuen gutxieneko kopurua edukitzea, eta autobus geltokia jarduera eremuaren barruan sartzea.
Herriko plaza udalerriko bizilagunen egungo eskaeretara egokitzea lehentasunezkoa da udalarentzat, eta horregatik jakin gura dute zein den herritarren iritzia: “Herritarrek hitza eta botoa izango dute azken aukeraketan”. Hain zuzen ere, Gautegiz Arteagan erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonek parte hartu ahal izango dute bozketan, aurrez aurre eta isilpean, goizeko eta arratsaldeko ordutegian, eta 9 egun jarraituko epean.
Herritarren parte hartzea amaitzen den egunetik hasita, hilabeteko epean emango du epaimahaiak azken erabakia. Guztira 120 puntura arte baloratuko dituzte proiektuak; epaimahaiaren aurretiko balorazioa 100 puntura artekoa izango da, eta herritarrek parte hartze fasean lortutako puntuazioa 20ra artekoa izango da.
Interes handia. “Oso pozik gaude lehiaketak piztu duen interesagatik, eta izan dugun erantzunagaz. Hamar proposamen izateak aukera zabala ematen digu irtenbide funtzional eta estetiko onena aukeratzeko. Gautegiz Arteagarentzat garrantzia handiko proiektua da, herriaren espazio neuralgikoa delako, eta eguneratu egin gura dugulako”, azaldu du Juan Felix Naberan alkateak. Irisgarriagoa, bateratuagoa, erakargarriagoa, ingurunean integratuagoa eta funtzionalagoa izango den lekua eratu gura dute, herrian ospatu daitezken era guztietako gizarte, kultura, kirol edo jai jarduerak berme handiagoekin egin ahal izateko. “Inbertsio ekonomiko handia” daukan proiektua dela gaineratu du alkateak.
Izan ere, gaur egun, bere arkitekturagatik, oztopo arkitektonikoak dauzka, irisgarritasuna eta funtzionaltasuna zailtzen dutenak. Horregatik “oso garrantzitsua” da udalarentzat 500.000 euroko aurrekontuagaz konponbide integratua eta irisgarria ematea lekuari.