Gernika Sporting nagusitu da Bizkaiko Kopan
Klubaren 40. urteurrenean, Bizkaiko Kopa irabazi du talde gernikarrak. Gernika Sportingek Askartzari 1-0 irabazi dio finala.
Osasun egoera dela eta, aurten ezin izan dira ohiko futbol partiduak jokatu, eta liga bertan behera gelditu da hainbat mailatan. Hala ere, Bizkaiko federazioak Bizkaiko kopa antolatu du, eta Gernika Sporting izan da onena txapelketan.
Zapatuan [ekainak 26] lehiatu zuten finala Gernika Sportingek eta Arkartza FTk, Urbietan, eta etxeko taldeak 1-0 nagusituta irabazi zuen kopa preziatua. 20. minutuan Ederrek sartu zuen partiduko gol bakarra.
Urbietan zaleen babesagaz jokatu zuten finala. %60ko gehienezko aforoa eduki zuten, 450 pertsonakoa. Zaleen bultzada igarri zuten jokalariek. “Gernikatik etorri zen jende guztiak harritu gintuen. Askartzakoek ere autobus bat ekarri zuten. Final guztien moduan, ikusteko apur bat motza izan zen. Tentsio asko egon zen, eta aurten ez gara egon ohituta hainbeste jendegaz jokatzera, eta urduritasuna igarri zen”, azaldu du Egoitz Izarzugaza Gernika Sportingen entrenatzaileak.
Ekainaren 19ko finalaurrekoan (1-0 irabazi zion CD Ibarsuriri) izan zen aurten ikusleekin jokatu duten lehenengo partidua: “Jende nahikoa egon zen, baina finalekoa izugarria izan da. Pila bat jende egon zen, eta denak etengabe animatzen”.
“Kopa honek laguntzen digu hemen gaudela adierazten, eta kluba lehen izan zena berriro izateko bidean gauzak ondo egiten ari garela erakusten”
Klubaren 40. urteurrena da aurten, eta “sekulako saria” da eurentzat. Entrenatzaile gernikarraren arabera, kluba egiten ari den lana ikusarazteko eta aitortzeko balio du garaipenak: “Sekulako ilusioa da guretzat, eta Gernikan, Gernika Clubaz gain, Gernika Sporting dagoela erakusteko ere balio du honek; hor gaudela esatea. Azken urteetan, taldeak galtzen joan da kluba, eta orain dela hiru urte Roman Atxikallendek gidaritza hartu zuenetik, Gernika Sporting berriro ere gorantza joatea saiatzen ari gara. Kopa honek hemen gaudela adierazteko, eta kluba lehen izan zena izateko bidean gauzak ondo egiten ari garela erakusten laguntzen digu”.
Izarzugazak Aste Santuan hartu zuen aurreko entrenatzailearen lekukoa, eta hark hasitako lanaren ildotik segitu dute: “Familia baten moduan elkartu gara”. Apirielan kopa ez zuten ondo hasi, lehen jardunaldian hutsean berdindu zuten Amorebieta Bren kontra, eta bigarrenean Zalduaren kontra 5-1 galdu zuten kontra. Hirugarren jardunaldian atsedena eduki zuten, eta laugarren jardunaldian lortu zuten koparen lehen garaipena; Durangoko Ezkurdiri 3-1 irabazi zieten. Behetik gora joan dira: “Gero pila bat elkartu ginen, eta irabazten hasi ginen, eta ondo irten zaigu. Azken bederatzi partiduetatik bakarra galdu dugu, Amorebieta Bren kontra 3-2 galdu genuen”.
Jokalariek egin duten esfortzuagatik eskertuta dago entrenatzailea, eta beragan egindako apostuagatik ere eskerrak eman dizkio presidenteari: “Baita aurreko entrenatzaileari ere, egin zuen lanagatik, eta Urbietara etorri eta animatzen egon zen jendeari. Klubaren izenean adierazi nahi dut gu ere hemen gaudela, eta gure kluba familia bat izatea da gure intentzioa”.