Espetxea eta eritasuna lantzen dituen dokumentala amaitzeko Crowdfunding kanpaina abiatu du Sarek
Lander Garrok zuzendutako 'Tipula sehaska kanta' film dokumentala amaitzeko kanpaina hasi du Sarek. Ikus-entzunezkoaren helburua espetxea eta eritasuna lantzea da.
Sare Herritarrak Gasteibeltza iparraldeko ekoizlearekin batera, Lander Garrok zuzendutako Tipula sehaska kanta film dokumentala ekoiztu du, presoek espetxea eta eritasunaren gordina zelan bizitzen duten azaldu asmoz. Irailean edo urrian estreinatu gura duten filma amaitzeko, Crowdfunding kanpaina abiatu du Sarek: https://vkm.is/tipularensehaska
Miguel Hernandez idazle eta poetak bere semeari eskainitako poema batek eman dio izena dokumentalari. “1936ko gerran kartzelaratu zuten Migel, eta 1942an hil zen espetxean tuberkulosiak jota. Bertatik, poema bat idatzi zion bere semeari, emazteak jatekorik apenas tipula baino ez zutela adierazten zion gutunei erantzunez”, kontatu dute Sare Herritarrekoek. Gertakari hori oinarri harttua, galdera hori erantzuten saiatu da Garro dokumentalean, gaia “politikotik baino, alde emozionaletik” landuta.
Sarek jakinarazi duenez, egun, larriki gaixo dauden 18 euskal preso daude Frantziako, Espainiako eta Euskal Herriko espetxeetan, eta 36 dira gaixorik –psikikoki edo fisikoki– hil direnak. “Ahaztu barik, espetxetik heriotza ate joka eta gaitzak atzera bueltarik ez zuenean kaleratu dituzten guztiak”, gaineratu dute. Hori horrela, 1942tik indarrean dagoen gaitza eta espetxearen arteko talkak “heriotza zigorra” izaten jarraitzen duela salatu dute.
Dokumentalean errealitate “mingarri” horrek sortzen duena erakutsi gura dute egileek. Hori dela eta, Garro espetxea eta gaitza ezagutu duten pertsonekin, senideekin, adituekin… elkartu da, “euren bizipenak batuz kontakizuna eraikitzeko”. Izan ere, diagnostiko bat egiteko edo tratamendu bat izateko medikuarengana jotea arrunta da espetxetik kanpo, baina bide “oso zaila” edo “ezinezkoa” da preso askorentzat.