Busturialdeak irabazi du etxeko estropada
KAE 2 Ligaren 2. jardunaldian, Busturialdearentzat izan da 33. Elantxobeko Traineru Estropadaren bandera.
KAE 2 Ligaren 2. jardunaldian izan da asteburukoa, eta Busturialdeak 21 minutu, 41 segundo eta 45 ehunenetan estropada amaituta irabazi zuen Elantxobeko bandera, atzo [ekainak 27].
Garaipenari esker, sailkapen orokorrean bigarren postura igo da Elantxobeko eta Mundakako klubek osatzen duten eskualdeko taldea. 17 puntugaz Portugalete dago sailkapen buru, eta puntu bat gutxiago dauka Busturialdeak.
33. Elantxobeko Traineru Estropadan etxeko trainerua izan zen 22 minutu baino gutxiagotan amaitu zuen bakarra. Mutriku sailkatu zen bigarren, 22.01,75 denboragaz, eta Portugalete liderra hirugarrena izan zen 22.14,25ean amaituta.
Kaikurentzat bandera. Bestalde, KAE1 Ligan V. Adegi-Fabrika Bandera lehiatu zuten atzo, Pasai Donibanen, eta Kaiku izan zen azkarrena (20.21,28). San Pedro izan zen bigarrena (20.23,19) eta Deusto hirugarrena (20.30,60).
ETE Ligan ere Pasai Donibanen jokatu zuten IX. Pasaiako Ikurriña eta Tolosaldeak lortu zuen bandera. 11 minutu, bi segundo eta 47 ehunenetan amaitu zuen estropada traineru irabazleak, eta Deusto bigarrena lau segundo eta 50 ehunenera sailkatu zen.