Elkartasunaren kateaz lotuta
Bederatzi urteren ostean, pertsiana jaitsi behar izan du Kate Sarea Bermeoko elkarteak, pandemia sasoian haien lana burutzeko arazo ugari izan ondoren.
Ekainaren 12an egin zuen Kate Sarea talde solidarioak bere azken elikagai banaketa, denbora luzez babesa eta elkartasuna banatzen ibili ostean, beharrizan ekonomikoak dituzten Bermeoko nahiz Busturialdeko familiei lagunduz. Esate baterako, Bermeon bertan, 200 bat familia artatu dituzte, hau da, 700 bat pertsona. Orain, baina, laguntza komunitarioa eten egin behar izan dute.
Elkarteko arduradun Mirenlur Santiagok adierazi duenez, administrazioak nahiz herriko erakundeek proiektuarekiko erakutsi duten “enpatia eta babes falta” izan dira proiektua bertan behera uztearen arrazoi nagusia. Lanean ibili diren bederatzi urteotan, euren laguntza bene-benetan behar zutenengandik zein haien laguntzagaz bizimodu erosoago bat lortu dutenengandik ikasi du. Hori dela eta, laguntza sozialen sistemak “egundoko berrazterketa” behar duela argitu du, egungo egoerara modu errealistago batean egokitu dadin.
Santiagok ulertzera eman duenaren arabera, ez da inondik inora ere bidezkoa laguntza sozialak jasotzen dituzten hartzaileen profilei jarraipen erregular eta eguneratu bat ez egitea; izan ere, “laguntza horiek benetan behar dituztenentzat” izan beharko lirateke. Dena dela, “erakundeen zein instituzioen aldetik ere esfortzu potoloagoa” egun beharko litzatekeela argudiatu du.
Denetariko hartzaileak. Kate Sarearen atzean dagoen elikagai eta arropa banku horren hartzaileen profila era askotakoa da, baina haien beharrizana eta ardurak, berriz, ez: “Batetik, etxegabetzeak, genero indarkeria, xenofobia kasuak edo gure herriko txabola inguruneetan bizi diren pertsonak daude, baina, bestetik, badaude gure laguntzetatik bizitzeagaz konformatu direnen kasuak ere”. Horregaz lotuta, Santiagok azaldu du badaudela “biziarteko Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) kobratu eta, horrela, politikariei inongo trabarik ez egiteagaz konformatzen diren norbanakoak”. Zentzu horretan, pertsona horiei “irtenbide bat” eskaini behar dietela adierazi du, ematen dizkietan laguntzak “osagarriak” direlako eta ez “erosotasunerako oinarri bat”. Bestela esanda: arraina eman ordez, arrantzatzen irakatsi gure diete.
“Elkarlana izan da gure identitate propioaren gakorik garrantzitsuena”
Modu guztiz boluntarioan eskaintzen dituzten laguntza horien hartzaileen profila osatzeko, baina, azken urteetan agertu zaizkien pertsona berriak zeintzuk diren azaldu du: oraintsu langabezian geratu direnak, behargin autonomoak (haietako asko gazteak) edo ezkutuko ekonomian lanean dihardutenak. Kate Sareak Bizkaiko Elikagaien Bankuaren eskutik hornitu du, hilabetez hilabete, bere biltegia. Hilabeteko, gutxi gorabehera, hiruzpalau tona elikagai eta arropa jaso dituzte, baina, azken urteotan, kopuru hori “murritzegi” geratu zaie, baliabide eskaria oso handia baita. Bestalde, elkarlana “euren identitate propioaren gakoetako bat” dela azaldu du; izan ere, Gurutze Gorria, Eutsi Gogor, herriko kontserba fabrikak edo herriko supermerkatuak bezalako eragileak bidelagun izan dituzte.
Pandemia, etsai. COVID-19ak sorturiko pandemia egoerak ekarritako osasun krisialdi larriak ere Kate Sarea bezalako elkarteen kontra jokatu du, biztanle ugariren baliabide ekonomikoek beherakada izan dutelako: pandemiak Bermeo zein inguruko udalerri asko eta asko hain gogor astindu zituen sasoian, elkarteak 400 familia baino gehiagori asistentzia ematea lortu du, alegia, 900 pertsona baino gehiagori. Artatu dituzten pertsona horietatik guztietatik “250 inguru 12 urtetik beherakoak dira”.
COVID-19aren aroan indarrean jarritako ezohiko babes eta segurtasun neurriek, hala nola, etxeratze aginduak edo konfinamendu perimetralak ez diete, azken hilabeteotan, inongo mesederik egin eta, horrenbestez, etxez etxeko zuzeneko banaketa sistema bihurtu zaie euren lana aurrera atera ahal izateko bide eraginkor bakarra. Eginbehar horretarako, hain zuzen ere, Bermeoko Gurutze Gorriaren kolaborazioa eduki dute. Auzolan hori barik, “guztiz ezinezkoa” izango litzateke.
“Bederatzi urtez dena ematean ibiltzeak fisikoki eta mentalki nekatu egiten du”
Esker oneko berbak. Era berean, Gizarte Ongizate Patronatuagaz eta Zerbitzuen Guneagaz eduki duten lankidetza ere azpimarratu du; azken erakunde hori arduratu izan da, hain zuzen ere, elikagaiak Bizkaiko Elikagai Bankutik haien lokalera eramateaz. Proiektu horren parte aktibo izan diren Bermeoko herritarrak ere ez ditu ahaztu gura izan Santiagok: “Hamaikatxo bermeotar modu boluntarioan ibili dira gugaz lanean, era anonimoan eta ezeren truke; herriko denda edo komertzio txiki askok ere ekarpenak egin dituzte, beraientzat ere garai oso zailak izan arren”. Zentzu horretan, azaldu du “eskerrik beroenak” ematea eta erakutsitako konpromisoarekiko, jarrerarekiko nahiz auzolanarekiko “miresmen sakona” agertzea besterik ez zaiola geratzen, “Bermeo herri oso solidarioa, eskuzabala eta noblea dela erakutsi baitute”.
Etorkizuneko borrokak. Etorkizunera begira, ez du alboratu “beste borroka sozial batzuei ekitea”, baina, oraingoz, hala Bermeoko Kate Sarea elkarteak, nola Mirenlur Santiagok berak “atseden apur bat” behar dutela agertu du, bederatzi urtez den-dena ematen ibiltzeak “bai fisikoki, bai mentalki”, nekatu egiten duela adierazita.