Arrizabalagak Plazaz-Plaza txapelketaren bigarren kanporaketa jokatuko du
Olatz Arrizabalagak eta Ane Mendiburuk Iera Agirreren eta Gentzane Aldairen kontra jokatuko dute domekan [ekainak 27], Irurtzunen.
Plazaz-Plaza txapelketa garaipenagaz hasi zuten Olatz Arrizabalagak eta Ane Mendiburuk, eta asteburu honetan lehiatuko dute euren bigarren jardunaldia. Iera Agirreren eta Gentzane Aldairen kontra jokatuko dute domekan [ekainak 27], Nafarroako Irurtzun herrian, 19:00etatik aurrera.
Aurrelari gernikarraren berbetan, “bikote nahiko gogorra” edukiko dute aurrean. Agirre-Aldai bikotea faboritoetako bat izan daitekeela uste du. Defentsan “oso ondo ibiltzen den” bikotea dela nabarmendu du: “Aurrean Ierak buru askogaz jokatzen du, eta azkenaldian Gentzane oso ondo dabil. Aurreko partiduan modura, erasokor jokatu beharko dugu, eta guk eraman partiduaren pisua. Aurreko partiduan ikusi zen bezala, Mendiburu oso ondo dabil atzean, eta uste dut ondo eutsiko diela Gentzaneren pilotakadei, eta aurrean nik amaitu beharko ditut tantoak”.
Arrizabalaga: “Defentsan oso ondo ibiltzen den bikotea da; erasokor jokatu beharko dugu”
Plazandreak txapelketan ez bezala, Plazaz-Plaza txapelketan publikoagaz ari dira partiduak jokatzen, eta hori eskertzen dela dio: “Frontoi irekietan jokatzen ari garenez, jende asko hurbiltzen da. Otxandion jokatu genuenean, eta aurreko asteko Eltziegoko jardunaldian ere jende asko hurbildu zen frontoira. Eskertzen dugu jendearen babes hori”.