Lana, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatuko dituzte pentsiodunek zapatuan
Zornotzako kaleak hartuko dituzte Busturialdeko, Durangaldeko, Hego Uribe eta Arratiako pentsiodunek zapatuan 12:00etan. Herritarrei bertaratzeko deia egin diete, pentsiodunen borroka "borroka kolektiboa" delako.
180 aste igaro dira pentsiodunen mugimenduak mobilizazioak hasi zituenetik. Pentsio publikoaren defentsan eta adinekoak duintasunez bizi ahal izateko helburuagaz kalera atera dira astelehenero pentsiodunak, bakoitza bere eskualdean. Zapatuan 12:00etan, baina, Zornotzako kaleak hartuko dituzte Busturialdeko, Durangaldeko, Hego Uribe eta Arratiako pentsiodunek.
“Pertsona guztientzako lana, pentsioak eta bizitza duina bermatzeko bitartekoak daude. Gobernuei bitarteko horiek gehiengo sozialaren zerbitzura jartzeko eskatuko diegu Zornotzan. Eta herritarrei parte hartzeko eta mobilizaziora gerturatzeko deia egiten diegu”, adierazi dute Busturialdeko pentsiodunek.
180 aste daramatzatela “bankuen eta arlo publikoarekin negozioa” egin gura dutenei erantzuten diote, eta nabarmendu dute eurak direla, baita ere, lan baldintzak, soldatak, edota emakumeen eta gazteen “lorpenak erasotzen dituztenak”. Hori horrela, pentsiodunen borroka “borroka kolektiboa” dela deritze: “Erantzunak ezin du indibiduala edo sektoriala izan, kolektiboa izan behar du. Ez dago banakako irtenbiderik, erasoek guztioi eragiten baitigute: alargunei, pentsiodunei, beste baten menpe lanean dabilenari, autonomoari, langabezian dagoenari, etorkizuna eraiki nahi duen gazteari, irakasleari, ikasleari, gaixoari… hau da, bizitza duina nahi duten pertsona guztiei”.
Hori dela-eta, eta komunitate batean bizi direla arrazoi hartuta, egoerari “komunitatetik erantzunda bakarrik” aurre egin ahalko zaiola uste dute. Eta egungo egoera “ezin dela luzatu” aldarrikatuko dute: “Lana, pentsioak eta bizitza duinak hitz magikoak dira, eta, horiei esker, borondateak eta indarrak batu ditzakegu eta elkar hartuta pertsona guztientzako oraina eta etorkizuna bermatu. Herri hau herritarrek egindako lanarekin eraiki dugu, lan ordainduarekin eta ordaindu gabearekin. Atzean ahalegin eta sakrifizio handia dago. Ezin dugu utzi hainbeste borroka eta ahaleginekin lortutakoa kentzen”.