Jai eredu libre eta berdinzaleak sustatzeko eredu dira Marijesiak
EUDELek eta Emakundek jai eredu libre eta berdinzaleak sustatzeko jardunaldia egin dute, eta Marijesien kasua izan dute eredu. Gernikako udal ordezkariek Marijesien jardunbide egokiak elkarbanatu dituzte EAEko beste udalekin.
Pandemiaren ondorioz, herriko jaiak bertan behera geratu dira, baina Berdinsarea Euskal udalerrien sareak beharrezkotzat jo du trantsizio une hau baliatzea jai ereduak gaur egungo gizartearen errealitatera egokitzeko. EUDELek eta Emakundek bultzatu dute proiektua.
Hori horrela, Emakundek aurkeztu zuen Emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko jaietan parte hartzeko estrategia ikerlana oinarri hartuta, euskal udalen jardunbide egokien tailerra egin zuten atzo Bilboko egoitzan. Azken urteetan herri-ospakizunetan eta tradizio zaharretan sexuagatiko diskriminazioak baztertzeko egindako aurrerapenak erakutsi zituzten, tartean Gernika-Lumoko Marijesien kasua. Udal desberdinetako berdintasun teknikariek parte hartu zuten Berdinsarea sustatu eta EUDEL eta Emakundek bultzatutako jardunaldian, eta euren udalerrietako kasuak kontatu zituzten Bizkai, Araba eta Gipuzkoako beste udal ordezkari batzuen aurrean.
Lidia Montesinosek, Margaret Bullenek eta Begoña Pecharromanek osatu zuten Emakunderen ikerketa, eta atzo, azterlanaren hausnarketa nagusiak aurkeztu zituen Bullenek. Esan zuenez, aztertutako udalerrietan ez dago berdintasuna lortzeko “formula edo errezeta magikorik”. Hain zuzen ere, prozesu “bereziak, askotarikoak eta jaien tipologia bakoitzari, herri bakoitzaren ezaugarriei eta gizarte osaerari lotutakoak” direla nabarmendu zuen.
Beharrezkoa. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak gogorarazi zuenez, justizia sozialaren ikuspuntutik, jaiak gaurkotzea “saihestezina” da. Landaidak espero du atzo aurkeztutako udalerri ezberdinetako esperientziek beste herri batzuei adorea ematea, “jaiak garaiko errealitate sozialera egokitzeko, eta era horretan, gainera, aberasteko”.
Gorka Urtaran EUDELen elkarteburuak nabarmendu zuenez, euskal udalek berdintasunarekiko konpromiso irmoa dute, politika eta zerbitzu publikoen bitartez gauzatzen dena: “Azken hamarkadetan, berdintasunaren arloko tokiko politikek jaiak ulertzeko eta bizitzeko modua eraldatzea bultzatu dute”. Urtaranen arabera, erakundeen esku-hartzea gizarte osoaren inplikazioan oinarritu behar da, eta jaiak eta tradizio zaharrak genero-ikuspegia txertatzeko “funtsezko eremua” direla uste du. “Lehen mailako adierazpen kultural eta sinbolikoak dira, eta horien bidez desberdintasunei aurre egin behar diegu. Hala, balio, tradizio eta festa-ohituren transmisioan estereotipo misoginoak errepikatzea saihestu behar ditugu”, azaldu du. Gaineratu zuen jardunbide egokiak udalerriz udalerri hedatu behar direla, gizonen eta emakumeen berdintasunezko parte-hartzea zabaltzeko eta askatasunean eta aniztasunean irabazteko.