"Busturialdeko gazteek bizi duten errealitatea ikusarazteko kanpaina aurkeztu dugu"
Busturialdeko GKSk gazteek bizi dituzten bi errealitate landuko ditu udan. Gazteen bizi kalitatea eta lanaldia aztertzeko inkesta bat banatuko dute, gero, datuak ezagutarazteko.
Udara begira, Klase dominazioaren adierazpenak borrokatu kanpaina nazionalagaz bat egin eta zuen kanpaina bultzatuko duzue Busturialdean.
June Olazar: Gazteria proletarioa udan, klase dominazioa eta miseria kanpaina aurkeztu dugu. Kanpainaren baitan, Busturialdeko gazteek bizi dituzten bi errealitate landu gura ditugu: bizimoduari dagokiona eta lan esparruari dagokiona. Langabezi egoeran bizi dira gazte gehienak, ikasketa prozesuan, eta gazte gehienek uda sasoian egin behar izaten dute lan. Azpimarratu gura dugu, gainera Busturialdean ematen den bisitarien gorakadak gazteriaren aisialdiaren garestitzea dakarrela, baita etxebizitzen garestitzea ere. Aipatu behar da, gainera, etxe asko alokailu turistikoetara bideratzea erabakitzen dutela askok; Busturialdean 500 inguru ziren duela urte batzuk. Horrek guztiak gazteria emantzipatzeko zailtasunak dakartza. Bestalde, lanaren esparruari dagokionez, azpimarratu gura dugu, gazteek askotan industrietan ordezkapenak egin behar izaten dituztela udan, edota ostalaritza eta begirale lanetan aritu behar izaten direla. Ez dira lan egonkorrak, ez dute soldata ona izaten eta askotan praktika kontratuak izaten dituzte.
Zer egingo duzue gazteen egoera hori plazaratzeko?
J.O.: Datu eta errealitate horiek lurreratzeko inkesta bat prestatu dugu. Bi arlo horietan sakondu eta datu errealak batu gura ditugu, gazteen egoera zein den jakiteko. Busturialdeko datuak eskuratuta, uztailaren erdialdean hitzaldi bat egitea aurreikusi dugu, zer den lortu duguna eta errealitatea zelakoa den erakusteko. Inkesta prestatuta daukagu, eta aste honetan hasiko gara banatzen.
Iker Gacho: Orain arte hitzaldiak antolatu izan ditugu, baina, uda sasoia dela eta neurriak lausotu dituztela kontutan hartuta, sozializatzeko esparruak ere bultzatu gura ditugu. Uztailaren amaierarako kontzertu edo jaialdi bat antolatu gura dugu eskualde mailan. Izan ere, gazteek udan lan egin behar dutela kontuan hartuta, gazteen aisialdia murritzagoa da, eta, lanetik kanpo, aisialdian elkartzeko ekintzak antolatu gura ditugu. Eskualdekoaz gain, Bizkaian egun osoko topaketa antolatu dute Larrabetzun uztailaren 24an.
Zergatik bultzatu duzue kanpaina? Gazteen errealitatea zein den erakusteko beharrizana eduki duzue?
I.G.: Inkestaren emaitzekin ikusarazi gura dugu gazte asko direla egoera berdinean daudenak, eta gazteei erakutsi gura diegu ez direla bakarrak. Errealitate bat da, arazoa sistematikoa da, eta leku guztietan pasatzen da. Gerora, ikusiko dugu zein den egoera beste eskualde batzuetan.
Orain arte, beste kanpaina bat bultzatu duzue: Sumisioaren kulturari, kultura sozialista. Zer landu duzue?
J.O.: Kanpaina nazionala egin zen: Osasun hondamendiaren aurrean, burgesiaren ofentsiba borrokatu. Kanpaina horren barruan, pandemiaren aitzakipean ezarri zituzten neurriak salatu genituen. Izan ere, neurriek osasun baliabideak indartu beharrean, mugikortasuna murriztu eta polizia baliabideak indartu zituzten. Gainera, burgesiak ezartzen zituen neurri horien aurrean erantzutzeko gaitasunik barik utzi gintuzten; ez geneukan aukerarik manifestatzeko ezta beste herri bateko mobilizazioetara joateko ere. Egoera hori dela-eta bultzatu genuen kanpaina. Indibidualismoan, etsaitasunean eta biolentzian oinarritzen den sumisioaren kulturaren aurrean, kultura sozialistaren alde egin behar dela azpimarratu genuen, elkartasunean oinarritutako kulturaren alde egin behar zela alegia. Izan ere, uste dugu gaur egungo egoera aprobetxatuta, burgesiak sumisioaren kultura ezarri gura duela. Ze, azkenean, gaur egun ematen diren dinamika batzuk onartzen ari da gazteria, egoera horiek normalizatzen. Eta gaur egungo gazteria etorkizuneko langileria izango da, eta gaur egungo egoerak onartuz gero, horiek onartuta izango dituzte etorkizunean.
Zergatik bultzatu zenuten kanpaina hori?
I.G.: Argi daukagu sumisioaren kultura hori ez dela momentukoa bakarrik, baina momentu horretan areagotu egin zen. Hori horrela, proletarizazioari buruzko hitzaldia antolatu genuen. Krisi testuinguru honetan, gizarteko masa handiak proletarizatzen ari dira eta jendea gero eta pobreagoa da. Gizartean pobretze orokorra dago, baina pobretze hori are zabalagoa da gazteen artean. Gainera, Pasealekuan indar polizialekin gertatu zenarekin, agerian geratu zen pandemiaren eta krisi kapitalistaren testuinguruan ematen zebilen autoritarismo egoeren gorakada. Horregatik, burgesiak ezarritako legediaren aurrean gure buruak judizialki defendatu eta formatzeko asmoz, Gida Juridikoa sortu genuen, eta QR kode bat zeukaten txartelak banatu genituen. Kode horiek bakoitzaren eskubideak zeintzuk ziren zehazten zituzten.
Jendeak zelan baloratu zuen?
J.O.: Txartelek oso harrera ona izan zuten, asko banatu genituen. Kanpaina ere positiboa izan zen, hitzaldira jende nahikoa gerturatu zelako. Azkenean, gure helburua zen gazteriak bizi dituen problematika horiek ezagutaraztea. Kasu honetan pandemiagaz lotura izan zuen kanpainak, baina beste zentzu askotan ere ulertu daiteke kanpaina hori. Izan ere, sumisioaren kulturaren ezarpen hori ez da bakarrik gaur egungo kontua. Gazteriaren problematika konkretu batzuk azaleratu gura izan ditugu kanpainagaz, eta horren aurrean antolakuntzaren aldeko hautua egiten dugula erakutsi. Eta ikusi dugu, jende askok kapitalismoaren eta alderdi politikoen mugak ikusi dituela. Gainera, asko eta asko dira Euskal Herri mailan gure mobilizazioetara hurbildu direnak eta sozialismoaren aldeko lerratzea erakutsi dutenak.
I.G.: Ez bakarrik gure mobilizazioetara gerturatu direnak. Mugimendu Sozialistatik deitutako mobilizazio denetan ikusi da jendea egon dela. Gure urteari dagokionez, balorazio positiboa egiten dugu, jendea gugana hurbildu delako. Gure eboluzioa aztertuz gero, gure mobilizazioetara hurbildu den jendea gehituz joan dela ikus daiteke. Esponentziala izan da hazkundea, eta positiboa da. Izan ere, gure helburuetako bat da gazteria politizatzea eta jendea politikoki aktiboa bilakatzea.
Zuen helburuak zeintzuk dira?
I.G.: Gure helburu nagusia da euskal estatu sozialista eraikitzerako bidean gazte masa zabalak politizatzea eta jardun horretan jendea aktibo bilakatzea.
J.O.: Gaur egun dagoen despolitizazio kultura horretatik, herritarrak subjektu politiko aktiboak bilakatzea da asmoa, gugaz lerratzera heldu arte. Baita masa akritiko hori kritiko bihurtzea ere.
I.G.: Badakigu euskal estatu sozialista ez dugula sei hilabetetan lortuko, baina ikusi dugu gure mobilizazioetan gero eta jende gehiago dagoela. Gero eta jende gehiagok ulertzen eta partekatzen du gure diskurtsoa. Hortik hasi behar gara. Orain, udako kanpainagaz ari gara, eta gero gerokoa, baina gidalerro hori jarraituko dugu, gazte problematika zein den azalduz. Eta arlo guztiak landu behar ditugu horretarako: lana, aisialdia, etxebizitza… dena problematizatu behar da, ze subjektu modura arazo ezberdinak ditugu. Zenbat eta jende gehiago egon lanean, gauza gehiago landu eta lortu ditzakegu.