San Pedroak ospatuko dituzte Mundakan
Pandemia egoerak dakartzan arazoei aurre eginez, aurten San Pedroak ospatuko dituzte Mundakan, askotariko egitarauarekin.
COVID-19ak ekarritako pandemia egoera tarteko, iaz ezinezkoa izan zen San Pedro jaiak ospatzea. Aurten, baina, garaiotara moldatutako egitaraua prestatu dute Mundakan eta, beraz, herriko jaiak ospatuko dituzte. Dena den, Udaletik azpimarratu dute “beharrezkoak diren neurri guztiak” hartuko dituztela eta garrantzitsuena “herritarren segurtasuna bermatzea” dela. Era berean, San Pedroen “benetako xarma” aldarrikatu dute eta jaiok “mundakarrek hain berezi sentitzen dituzten eran, inongo eraso sexista zein bestelako barik eta herritar guztien inplikazioarekin” ospatzera gonbidatu ditu herritarrak. “Euren herriaz harro dauden mundutar legez” agertu behar direla aldarrikatu du Mikel Bilbao Mundakako alkateak.
Egitaraua. Aurtengo San Pedro jaiak ekainaren 24tik uztailaren 5era bitartean ospatuko dituzte eta jai egitarauaren barrenean askotariko ekimen nahiz proposamenak dakartzate: ekainaren 24tik 27ra artean, Sorgina ikusgai egongo da Tribisarrospe Kultur Etxean. Hilaren 25erako, ostera, bi ekitaldi antolatu dituzte: batetik, goizeko 10:30etan, Katillotxu emakume elkarteak yoga klase berezi bat prestatu du, Lamiak eta Atorrak parkean burutuko dutena; bestetik, Udal Enparantzan zunba saio irekia egingo dute, iluntzeko 20:00etan, hori ere elkarte berberak atonduta.
Ekainaren 26an, Talan, Urdaibai eskubaloi erakusketa egingo dute 10:30ak eta 12:00ak bitarte; arratsaldeko 18:30etan, aldiz, berdintasunaren aldeko berbaldia emango dute, Tribisarrospe Kultur Etxean. Ekainaren 27tik 28rako gauean, hain zuzen ere, goizaldeko 03:00retan, Alborada izenekoa egingo dute: keinu bat egingo zaio Mundakako jaiak hasteko ohiturari; horretarako, herri txistulariek eta Udalbatzak parte hartuko dute.
Ekainaren 28tik uztailaren 5era artean, pintura, marrazketa eta argazkigintza erakusketa ikusgai egongo da Tribisarrospe Kultur Etxean, hori ere Katillotxu emakume elkarteak atonduta. Erakusketa ikusteko ordutegi zehatz bat finkatu dute: aste barruan, 19:00etatik 21:00ak arte; asteburuetan, berriz, 13:00tik 14:00ak arte eta 19:00etatik 21:00ak arte.
San Pedro eguna. Ekainaren 29an, San Pedro egunean, egitarau zabala prestatu dute herritarrentzat; programazioa 10:30etan hasiko da, Kankinkabara txistulari elkartearen eskutik egingo den kalejirarekin. Ondoren, 11:00etan, “Ezberdinak gara / Berdinak gara” izeneko emankizunaren lehenengo pasea egongo da, 6 eta 10 urte arteko erroldatuentzat; ekimen hori ikusteko turismo bulegoan eman behar da izena. Eguerdiko 12:00etan meza nagusia emango dute, herriko udalbatza osoaren parte-hartzearekin; meza ostean, San Pedrori ohorezko aurreskua egingo diiote, elizan bertan, GazteZar Dantza eta Kankinkabara txistulari elkartearen eskutik. Gaueko 20:00ak eta 21:30ak artean, Goiko Talan mariatxien emanaldia egongo da eta, eguneko azken ekitaldi legez, 23:00etarako, “ezustekoa” aurreratu dute.
Play-back eguna. Ekainaren 30ean, “Ezberdinak gara / Berdinak gara” emanaldiaren bigarren pasea eskainiko da 11:00etatik 13:00etara. Gauean, ostera, “Txikien eta Nagusien Play-Back lehiaketa” egingo dute Goiko Talan. 21.30etan hasiko da eta “aulkiak nahiz eszenatokia” emanandiagaz segurtasun osoz gozatzeko prestatuko dituzte. Uztailaren 1erako programatu dute “Ezberdinak gara / Berdinak gara” emankizunaren hirugarren pasea (11:00etatik 13:00etara), 12:30etan Talan egingo duten Bolilloen tailer erakusketa orduko. Azken hori Katillotxu emakumeen elkarteak antolatut du.
Uztailaren 2a Kankinbakara txistulari elkartearen kalejirarekin hasiko da, goizeko 10:30etan, eta egitarauak “Ezberdinak gara / Berdinak gara” emanaldiaren laugarren eta azken pasearekin jarraituko du. Eguerdiko 12:30etan pertsona nagusienen omenezko meza emango da; gainera, azaldu dute 65 urteko edo 65 urtetik gorako herritarrek “detaile txiki bat” jaso ahalko dutela udaletxean. Iluntzeko 19:00etan “Gospela a capella” izeneko emankizunaz gozatu ahal izango da, “Biziak salbatzeko musika” lelopean, Andre Maria Zeruratze elizan. Eguna amaitzeko, Danbayán batukada herri osoan zehar ibiliko da, 20:30etan hasita.
Umeen eguna. Uztailaren 3a, zapatua, gazteentzako Ur Jaiarekin hasiko da, Herriko Plazan, 11:00etatik 15:00etara bitartean. Horrez gain, eguerdiko 13:00etan, “Surf & Skatesurf” ekimena egingo dute, 10 urtetik gorako erroldatuentzat. Atondu dituzten ekintzetan parte hartzeko, turismo bulegoan izena eman eta 5 euro ordaindu beharko dira, aforoa bete arte. Arratsaldean, 17:00etatik 18:00etara “Oliver & Linba magoen show-a” izeneko kale magia emanaldia egongo da, Atorren eta Lamien parkean. Iluntzeko 20:30etan hasita eta herri osoan zehar, Danbayán batukadak kaleak alaituko ditu.
Uztailaren 4ean emango diote amaiera Mundakako 2021eko San Pedro Jaiei, 23:00etan.