Genero arrakala josi guran
'Genero arteko arrakalak dakartzan desberdintasunak plazaratzea eta, era berean, udalaren partetik jaso den arduragabekeria salatzea beharrezkoak dira, garbiketako beharginek bizi duten egoera aldatu dadin'.
Bermeoko kiroldegiko, musika eskolako, kultur etxeko, ongizate sozialeko, zinemako eta komun publiko nahiz igogailuetako langileen kolektiboa kalera atera dira, gaur, Bermeon. Haien ogibideko genero arrakala salatu gura izan dute, garbiketa arloan dauden bi multzoen aldeak azpimarratuz. Batetik “kale garbiketako sektore maskulinizatua” eta, bestetik, “eraikin eta lokalen garbiketako esparru feminifizatua” daudela adierazi dute, bien arteko bizi dituzten lan baldintzak “zeharo desberdinak” direla adierazteko.
Azpimarratu dituzten aldeen artean, besteak beste, soldatak, lizentzia, oporraldiak eta soldataz kanpoko gainsariak daude. Gainera, gizonezkoek ez bezala, emakumeek lanaldi partzialak dituztela adierazi dute eta, ondorioz, euren irabaziek nabarmen egiten dutela behera. Udalaren jarrera ikusaraztea ere jomuga izan dute. Haien berbetan, kobratzen dutena baino ordu gehiago ordaintzen dizkiete kontratatzen dituzten enpresa pribatuei eta, hortaz, ordu horien trukeko dirua “non dagoen” salatu dute. Horren ondorio legez, emakumezkoek osatzen duten garbiketa kolektiboa “guztiz prekarizatuta” dagoela eta horrek suposatzen duen genero desberdintasuna “zeharo onartezin” dela aldarrikatu dute.
Udalaren erantzunik eza. Bermeoko Gizarte eta Kultur Etxearen aurrean egin duten kontzentrazio zaratatsuari dagokionez, argitu dute haien egoera gai hori lantzea egokitzen zitzaion udal arduradunari “goitik behera” azaldu zitzaiola eta hark ere lehen pertsonan aitortu ziela jasaten dabiltzan egoera “diskriminaziozkoa” dela. Arazoa konpontzeko bidean, berriz, “beharrezko neurriak” abian jarriko zirela agindu zien, baina negoziazioa hasteko puntuan, “ezezko borobila” jaso dutela aitortu dute langileen kolektibotik. Hori dela eta, Bermeoko Udalak bere langileekiko “erantzukizun eta sentsibilitate askoz ere handiagoa” erakutsi beharko lukeela adierazi dute; erakusten ari diren arduragabekeria, ostera, udal ordezkarien “hautu politikoaren zantzu argi eta garbia” dela salatu dute.
Bermeoko garbiketa beharginen atzoko kontzentrazioa
Bestalde, udal pleguan igarri dituzten beste irregulartasun batzuk ere azaleratu gura izan dituzte: musika eskolako lokalak garbitzeko, “22 orduko lanaldiak” aurreikusten direla azaldu dute, baina beharginek “15 ordukoak” baino ez dituztela. Hortaz, kasu horietan, “enpresak langileen soldatak lapurtzen” ari direla salatu dute, baina Bermeoko Udaleko alkateordearen eskutik, ez dute “erantzukizunik hartzeko borondate eza” besterik jaso.
Aipaturiko lehendabiziko bilera hori joan den maiatzean egin zuten eta, orduko hartan, Udalak aipatzen zituzten kontuez “ezer ez zekiela” erantzun zien, baina, maiatzaz geroztik, “erantzunik edo zelanbaiteko jarrera aldaketarik gabeko denbora gehiegi” pasatu dela argudiatu dute.
Langileak batzeko beharra. Emakumezko garbitzaileen sektoreak bizi duen egoera tamalaren aurrean, “lanean gogor jarraitzeko asmoa” dutela aldarrikatu dute eta, hain zuzen ere, euren aldarrikapenak “ozen entzun daitezen” bildu dira ekainaren 21, 22 eta 23an burutu dituzten mobilizazio nahiz grebetan, “genero arteko arrakala honek dakartzan ondorioak langileentzat suntsitzaileak direlako”.