EH Bilduk espazio publikoen erabilera berraztertzeko proposamena egin du
Alderdi abertzalearen iritziz, pandemiak agerian utzi du aire zabaleko espazio publiko irekien beharra handia dela
Herriko espazio publikoen erabilera hobetzeko asmoz, horri buruzko lankera parte-hartzailea eta adostua egitearen beharra ikusi du Bermeoko EH Bilduk. Dioenez, pandemiak agerian utzi du aire zabaleko espazio publiko irekien beharra handia dela, eta auzoetako inguruneak errespetatuz, herrian mota horretako espazioak indartzea ezinbestekoa dela uste du.
Horregatik, hainbat proposamen egin dizkio udalari. Besteak beste, herriko ikastetxeetako kantxak herritarren erabilerarako zabaltzea aukera ona dela uste dute. Azaldu dutenez, unean uneko kultur eta jolas jarduerak egiteko, umeen hartu-emanak sendotzeko, euskara sustatzeko eta aisialdirako guneak handitzeko aukera ematen dute. Horrela, kontaktu fisikorik eskatzen ez duten jarduera fisikoak sustatzea interesgarri litzatekeela esan dute (patinajea, mahai tenisa, pala jokoa…).
Kultura sustatzeko zenbait aukera ere bildu ditu EH Bilduk udal gobernuari egindako proposamenean; ipuin kontalariak, antzerkiak, ingurumenaren zaintzarako jolasak…
Azpiegiturak hobetzeko eta sortzeko. Ikastetxeetako aire zabaleko azpiegiturak ez ezik, beste hainbat gune hobetzeko edo sortzeko aukerak ikusten dituzte oposiziokoek: pergolan zegoen kirol gunea ordezkatuko duen ekipamendua ezartzea; Pump track pista berri bat zabaltzea haur, gazte eta helduak patinete, skate edo bizikletekin ibiltzeko; umeak futbolean, eskupilotan, eskubaloian eta saskibaloian urte osoan jolasteko gune irekiak zabaltzea edota bizikletak garbitzeko gunea martxan jartzea.
Herriko haur eta gazteen parte-hartzean oinarritutako aire zabaleko espazioen beharrak identifikatzea eta bideragarritasunak aztertzea ere beharrezkotzat jo dute. Herritarren erabilerarako gune horiek, oraingoz, uztaila eta abuztuan zabaltzeko eskatu du EH Bilduk, eta, ondo joanez gero, urte osoan zabalik mantentzea.