Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna gogoratu eta euren eskubideak aldarrikatu dituzte
Gernika-Lumoko Batzarretxea, berriz, urdinez jantzi zuten, ihes egiteko euren etxea utzi behar izan duten pertsonen "indarra eta adorea" goratzeko.
Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna izan zen atzo, eta Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak errefuxiatuen eskubideak aldarrikatu zituen beste behin.
Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kideek aldarrikatu zuten mundu mailako pandemiak ezin duela izan “mugen militarizazioa justifikatzeko beste arrazoi bat”, eta, pertsona migratzaileak euren bizitza arriskuan jarri barik Euskal Herrira iritsi beharko zirela azpimarratu zuten.
“Asilo politika berri bat aldarrikatzen dugu, eskatzaileen %95 nazioarteko babesik gabe utziko ez duena”, adierazi zuten gainera. Halaber, ordezkari politikoak diskurtso arrazista eta xenofoboen aurka sendo ager daitezela eskatu zuten, “enpatia, bizikidetza eta bakearen kultura bultzatzeko”.
Batzarretxea, urdinez. Gernika-Lumoko Batzarretxea, berriz, urdinez jantzi zuten ekainaren 19tik 20ra bitartean. Ekimenagaz, gatazketatik edo jazarpenetatik ihes egiteko euren etxea utzi behar izan duten pertsonen “indarra eta adorea” goratu gura izan zuten. Ekimena ACNURek sustatu zuen, eta 135 herrialdeetan egin zuten bat.
Ekimen horregaz mundu osoko hiri eta erakunde desberdinek egin dute bat, eta euren eraikin eta monumentu esanguratsuenak Nazino Batuen kolore urdinaz jantzi zituzten. Ekimen honetan parte hartu duten munduko ikonoen artean Empire State, Eiffel Torrea eta Erromako Koliseoa daude.