Arrano arrantzale txitak hil egin dira
Ekainaren 5ean hil zen arrano arrantzale albinoa, eta asteburuan hil dira beste bi kumeak. Gertaera hau "ez dela batere arraroa" diote Urdaibai Bird Centerreko arduradunek.
Urdaibain maiatzean jaiotako hiru arrano arrantzaleak hil egin dira. Ekainaren 5ean hil zen arrano arrantzale albinoa, eta asteburuan hil dira beste bi kumeak. Urdaibai Bird Centerrek konfirmatu duenez, bata zapatuan hil zen, eta bestea atzo.
Gertaera hori «ez dela batere arraroa» diote Urdaibai Bird Centerreko ordezkariek, arrano arrantzale txiten %50 jaio eta lehenengo asteetan hil egiten direlako: “Hirugarren astea da kritikoena”.
Zentroko arduradunek diotenez, barikuko ekaitzaren ondorioa izan liteke arrano arrantzale txiten heriotza. Izan ere, 20 eguneko bizitza zuten, eta unerik ahulenean zeuden. “Tamaina handia zuten, eta horrek zaildu egiten zion amari txitak euritik babestea. Gainera, lumatu barik zeuden oraindik. Emea ere lehen aldiz izan da ama, eta horrek ugalketaren arrakastan eragina dauka”, diote arduradunek. Zehaztu dutenez, arrano arrantzaleak euritik babesten dituen lumajea jaio eta hilabetera hartzen dute.