Argi Baltza bertso sariketak baditu sei finalistak
Asier Galarza, Imanol Uria, Txaber Altube, Mikel Retolaza, Iruri Altzerreka eta Asier Alcedo ariko dira Bermeoko finalean. Atzo Ajangizko frontoian lehiatu zuten txapelketaren hirugarren eta azken kanporaketa, eta Altubek irabazi zuen saioa.
Erabakita daude Argi Baltza Bertsolari Gazteen sariketako finalistak nortzuk diren. Asier Galarza, Imanol Uria, Txaber Altube, Mikel Retolaza, Iruri Altzerreka eta Asier Alcedo ariko dira domekan 18:00etan Bermeoko Artza frontoian jokatuko den finalean.
Atzo Ajangizko frontoian lehiatu zuten txapelketaren hirugarren eta azken kanporaketa, eta Txaber Altubek irabazi zuen saioa. Herritarrek erantzun zuten, eta 30 lagun ingururen aurrean aritu ziren bertsolariak, “giro bikainean”.
Euren saioak irabazita, Galarzak, Uriak eta Altubek zuzenean lortu zuten finalerako sailkapena. Finalean, baina, saioetako irabazleak ez ezik, gainontzeko parte hartzaileetatik puntuaziorik altuena eskuratu duten hurrengo hiru bertsolariak ere ariko dira: Retolaza, Altzerreka eta Alcedo; 182,5 puntu, 180 puntu eta 179 puntu eskuratu dituzte hurrenez hurren. “Puntuazioaren arabera sailkatu direnak, hain justu, hiru kanporaketetan bigarren geratu diren bertsolariak dira”, adierazi du Koldo Gezuraga Lilibertsoko kideak.
Saioekin gustura. Hiru kanporaketak amaituta, finala dute azken erronka Lilibertsokoek. Orain arteko guztietan “dena ondo” atera dela nabarmendu ddute, eta domekarako gogotsu daudela diote: “Finala baino ez da falta. Dena joan da ondo, finala gozatzeko eguna izango da, eta espero dugu ikus-entzule asko batzea Bermeon”.
Jakinarazi dutenez, kanporaketetan egin ez diren ariketa desberdinak prestatzen ari dira antolatzaileak finalerako.