‘Tolesdurak’, 16 kantu bi diskotan
‘Tolesdurak’ izeneko disko bikoitza kaleratu du Audience taldeak. 2002an sortu zenetik bederatzigarren lan luzea da honakoa, eta bihar aurkeztuko dute, Andoainen.
Urte berezian, disko berezia. Bikoitza da Audiencen lan berria: Tolesdurak. Lau urte eta gero, bueltan dira Gernikan sortutako rock musika taldeko kideak, eta euren lan berria aurkezteko “gogotsu” daude.
Zentzu komertzial guztien kontra, hamasei kantaz osatutako lana dakarte, eta abesti horiek guztiak bi diskotan banatu dituzte. Ruben Garatea taldekideak dioenez, disko bakoitzak izaera desberdina dauka. Lehenengoa “ilunagoa” da, Audience taldearen lehen garaietako soinuak gogoratzen dituena. “Lehenengo diskoko azken abestiek beste soinu edo kolore batzuk hartzen dituzte, entzulea bigarren diskora bideratzen dutenak”, azaldu du Garateak. Bigarren diskoak doinu edo melodia “lasaiagoak” eta “teknikoagoak” ditu, eta horiek sortzeko instrumentu gehiago erabili dituzte. “Lehenengoa perkutiboagoa da, eta bigarrena leunagoa”.
Musika taldearen asmoa 2020an disko bakarra kaleratzea zen; iazko martxoan hasi zuten diskoa kaleratzeko prozesua. “Baina pandemia heldu zen, eta sortuta geneuzkan 8-10 abestiak gordetzea erabaki genuen. Izan ere, perimetralki itxita geunden, eta diskoa ere ezin genuen jendaurrean aurkeztu”.
Egoera hartan, batzeko aukera zuten bakoitzean aukera aprobetxatu eta sortzeko elkartzen ziren: ”Sorkuntza prozesua beti izan da oso handia Audience taldean, eta prozesu hori gure lanetan islatzen da. Konfinatuta edo perimetralki itxita egon garenean entseatzen jarraitu dugu. Abesti batzuk era batekoak eta beste batzuk beste era batekoak dira, ze garai oso berezi batean sortu ditugu. Garai berezi batek disko berezi bat dakar”.
Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian ariko dira ekainaren 26an
Pandemia egoerako sortze prozesu horretan egindako abestiak lehendik zituztenei gehitu eta guztiak batera kaleratu dituzte: “2020ko azarorako abesti berriak geneuzkan sortuta, egoera berri batean, mundu berri batean. Orduan erabaki genuen geneuzkan kantu guztiak erregistratzea eta bi diskotan banatzea. Ze, 2019an sortu eta grabatu genituen abestiak askatu gura genituen, eta hamasei abesti batera kaleratzera ausartu ginen. Aukera polita iruditu zitzaigun denak batera kaleratzeko eta disko bikoitza sortzeko”.
Esentzia propioa
Hamasei abesti dira, estilo desberdinetakoak. “Disko bi hauek Audiencen azken urteetako ildo guztiak batzen dituzte. Rocka nagusitzen da, iluntasuna, baina akordeoien soinu berriak ere sartu ditugu, baita latinoagoak ere”.
Aurreko Isla diskoan erabilitako doinuak ere jaso dituzte. Hala ere, euren esentzia mantendu dute. Berezia da Audience taldea, eta erraz identifika daitezke euren kantuak: “Estilo baterantz edo besterantz egin arren, gure nortasuna mantentzen dugu. Ez dakit instrumentuengatik edo zergatik den, baina gure ukitu propioa izaten jarraitzen dugu”.
Audiencek musikari ematen dio letrei baino garrantzi handiagoa, baina ezkutatzeak edota ihes egiteak sortzen dituen tolesdurei buruz hitz egiten dute oraingo lanean. “Gure kontraesan edo beldurretatik sortzen diren sentimenduak ageri dira”.
Lagunen artean harrera ona izan du Tolesdurak: “Lagunen ekarpenak asko baloratzen ditugu, asko miresten ditugulako. Isla aurkeztu genuenean jaso genituen azkenengoz, eta pozgarria da berriz jasotzea. Asko poztu dira abesti berriak entzuteaz”.
Bihar, baina, gertukoen iritziak jasotzeaz aparte, publikoarenak jasoko dituzte. XIII. Andoaingo Rock Jaialdira gerturatzen direnen aurrean aurkeztuko dute lan berria, eta astebete beranduago, ekainaren 26an, 19:00etan, Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian eskainiko dute kontzertua. “Gogotsu” daude: “Azkenaldi honetan, lagunen artean eman dugu kontzerturen bat edo beste, baina jaialdi batean aritzea bestelakoa da”. Lizeo Antzokian jotzea ere “berezia” da eurentzat, azken disketako lehen kontzertuak bertan eskaini baitituzte: “Lizeoan oso harreman berezia sortzen da publikoaren eta musikarien artean”.
Aurreratu dutenez, data berriak zehazten ari dira orain, baina “udazken oparoa izatea» espero dute: «Irailerako eta urrirako kontzertuak ixten gabiltza Euskal Herri osoan zehar”.
Ibilbide luzea
2002an hasi zuen ibilbidea talde gernikarrak, eta bederatzigarren diskoa da aurtengoa. Musika dute pasio, eta horren erakusgarri da lan berria. Urte horietan guztietan gorabeherak izan dituzte, baina aurre egin eta diskoak kaleratzen jarraitzen dute: “Gorabeherek ematen diote zentzua proiektuari. Behetik gorako edo goitik beherako uneek ematen diote zentzua konposatzeko momentuari. Gorabeherak dira sorkuntza bultzatzen dutenak”.
20 urteak bideoklip batean jaso ditu Amaia Badiola Audienceko kolaboratzaileak. “Audienceko bideo zaharrak digitalizatu ditu, eta bideoklipa egin du Mendaro fiddler kantuagaz”.
Mendaroko biolin jotzailearen borroka islatu dute euren bideoklip berrian
Borroka ere islatu gura izan du Badiolak, eta horregatik aukeratu du kantu hori, Mendaroko biolin jotzailearen borroka kontatzen duelako. “Josebak bost urte daramatza autopista ondoan biolina jotzen, soinu panelak jartzeko eskatuz. Autopista ondoan bizi da, eta bere etxetik entzuten duen zarata ikaragarria da, legez onartutakoa baino altuagoa. Beraz, zarata murrizteko panelak jartzeko eskatzen du bakarrik. Baina Mendaro herri txikia da, eta ez du botererik”. Garateak kontatu du biolin jotzaileagaz kontaktuan jarri zirela, eta ilusio «handia» egin ziola bere borroka horrela ikusarazteak.
Disko berriaren azala Nagore Legarreta argazkilariak eta Robert Quintanak egin dute: ”Nagorek argazkiak atera ditu, eta Roberrek diseinu lana egin du”. Andoaingo Garate estudioan grabatu dute, Kaki Arkarazogaz, Bidehuts zigiluagaz: “Musika egiterakoan autogestioan sinisten dugu, eta hori babesten dugu. Zigilu horretako taldeek elkarri ematen diogun babesa oso aberatsa da”.