Ilunzar eta Arrolako ibilbideetako interes guneak zehaztu dituzte
Paisaiaren Ekintza Plana idatzi dute, eta Ilunzar eta Arrolako gailurretarainoko ibilbideetan dauden interes puntuak zehaztu dituzte, gero panelak jartzeko.
2000. urtean Europako Kontseiluak onartutako Paisaiaren Europako Hitzarmenaren atarikoak dio paisaia gai garrantzitsua dela kulturaren, ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren arloetan. Ingurumena ondare natural eta kulturalaren funtsezko osagaia dela dio, “herriko nortasuna sendotzen eta ongizatea lortzen laguntzen duelako”. Paisaiaren babesa, haren kudeaketa eta antolamendua sustatzeko apustua egin du Nabarnizko Udalak, eta paisaiaren ekintza plana zehaztu du: Nabarniz eta bere gailurrak: paisaiaren ikus eremua. Diseinatutakoa hurrengo urteetan garatuko dutela aurreratu dute udal arduradunek.
Hain zuzen ere, ekintza planean bi paisaia ibilbide zehaztu dituzte, Ilunzarrekoa eta Arrolakoa. Bi ibilbideak Ilunzar eta Arrolako gailurretara iristen dira, eta herriko natura eta kultur baliabideak batzen dituzte.
Elexaldetik, gailur bietara iristen dira ibilbideak, eta bidean aurkitu daitezkeen ondare baliabideei (kastroak) eta paisaia eszenikoari balioa eman gura diete. Horretarako, interes puntuak zehaztu dituzte, gero panelak jartzeko.
Planean zehazten den bezala, Nabarnizko gailurrek balio berezia daukate paisaia eszenikorako, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbari begira eta baliabide natural aipagarriak dituztelako. Gainera, bailara inguratzen duten gailurretan Metalen Aroko herri gotortuen aztarna arkeologikoak daude, hala nola, Arrola eta Ilunzarreko kastroak. “Ibilbideek lurraldearen identitateari buruzko ezagutza arkeologiko eta historikoak ematea pentsatu dugu, eta, gainera, Ilunzarko ibilbideak ondare geologikoko elementuei buruzko informazioa ematea aurreikusi”, dio zehaztutako paisaia planak.
Horretarako, bi ibilbideetan zenbait puntu esanguratsu zehaztu dituzte. Ilunzarreko ibilbiderako material geologiko desberdinak zeharkatzea pentsatu dute, Jurasikotik Kretazeorainokoak. Goranzko ibilbidean zenbait interes puntu nabarmenduko dituzte: nukleo jurasikoa, Sakoneko iturburua eta lurpeko urak, 3,50 milioi urteko igoera, harrobi bat, plataforma irgondarra, leizeak eta Ilunzarreko kastroa. Ibilbideari informazio gune bategaz eman gura diote amaiera herriko plazan.
Arrolako ibilbidearen baliorik garrantzitsuena Arrola mendiaren gailurrean dagoela zehaztu dute, Burdin Aroko herri gotortuaren hondakinak aurkitu baitira. “Arrola edo Maruelezako gotorlekua Kantauri ekialdeko herri indigenarik garrantzitsuenetakotzat jotzen da; inguruan Gastiburuko santutegia dago, erritualki erabili daitezkeen harmailak dituen egitura. Arrolako gainak (532 m) lurraldearen kontrol zabala egiteko aukera ematen du, Oka ibaiaren bokalerantz eta Nabarnizko haranerantz”.
Helburuak
Ekintza planagaz herriko natura eta kultur ondarea eta Elexaldeko gunea baloratzea bilatu dute udal arduradunek, “panel didaktikoekin bizilagun zein bisitariek paisaiaz gozatzeko eta ikasteko”. Horretarako prestatu dituzte ibarraren ondareko elementu natural eta kulturalak dituzten ibilbideak. Nabarnizen nortasuna finkatu eta paisaiaren ikuspegitik suspertu ere nahi izan dute.
Plana garatzeko, hainbat ekintza garatu dituzte. Nabarnizko ibarraren inbentario deskribatzailea –ingurumenekoa, historikoa eta ondarezkoa– eta pasaiaren azterketa, esaterako. Elexaldetik Ilunzar eta Arrolarako pasaia ibilbideak ere definitu dituzte, pasaiaren elementu nagusiak eta interes natural handieneko eremuak kokatuz, gero horien berri emateko.
Bide horietan, kultura eta ingurumen ondarea balioesten duten interpretazio guneak definitu dituzte; besteren artean daude elizak, ermitak, herriko etxeak edo interes arkitektoniko eta edo historikoko eraikinak, zuhaitz bereziak eta zuhaizti espezifikoak edota azaleratze geologikoak. Gailurretara ailegatzerakoan handik ikus daitezkeen panoramiken argazkiak ere atera dituzte, elementu nagusiak aukeratu eta haien natura interesa kokatzeko.
Ekintza horiek guztiak burutzeko balorazio ekonomikoa eta jardueren kronograma ere zehaztu dituzte.
Herritarren parte hartzea Nabarnizko Paisaiaren Ekintza Planak herritarren parte hartze prozesu bat izan du: “Herritarren parte hartzea aktiboa izan da, ingurunea aztertzeko fasetik hasi eta Paisaiaren Ekintza Planaren xede fasera arte. Iritziak eta esperientziak trukatuz, prozesua aberastea bilatu da”. Biztanle guztiei, planean zuzenean parte hartu duten eta ordezkaritza daukaten pertsonei eta udaleko eragileei eman diete parte hartzeko aukera. Nabarniz biztanleria murriztuko udalerria denez, “prozesu hurbila eta barneratzailea” egin dutela diote, azterketa globalerako norbanakoen ekarpenekin.
Jakinarazi dutenez, herritarrek aukera eduki dute planaren etapa guztietan esku hartzeko, “parte hartze librea eta berdintasunezkoa” izan delako. Planean dauden ekintzak eragileekin eta herritar guztiekin eztabaidatu dituzte, lau ardatz ezarriz: jasangarritasuna, ekarpenak txertatzea, iriste erraztasuna eta genero berdintasuna bultzatzea.
Diotenez, herritarren partaidetzaren esparruko jarduerak plana idazteagaz batera egin dira: aukezpena, komunikazioa, elkarrizketak, eztabaidak eta tailerrak, hedapena, aurkezpena eta genero berdintasunaren txertaketa.
Parte hartze horregaz herritarrek proposamenen berri izatea bilatu dute, baita ekintzak ezagutaraztea, horiei buruz hausnartzea eta eztabaida sortzea ere, “planifikatutako ekintzek arrakasta izateko aukerak areagotzeko». Halaber, udal administrazioa eta biztanleak aktiboki harremanetan jarri gura izan dituzte, «udalerriko paisaia hobetzeari eta kezkei dagokienez”.
Nabarnizko Paisaiaren Ekintza Plana iaz diseinatu zuen, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan zuen horretarako.