Busturialdeak Pasai San Pedron hasiko du liga
ETEko, KAE 1eko eta KAE 2ko klubek bihar arratsaldean [ekainak 19] lehiatuko dituzte ligako lehenengo estropadak.
Traineru denboraldian bete-betean murgiltzeko momentua ailegatu zaie Busturialdeko arraunlariei. Denboraldi-aurreko lanak eginda, bihar [ekainak 19] hasiko dute liga, Pasai San Pedron. Hain zuzen, ETE, KAE 1 eta KAE 2 ligetako klubak elkartuko dira Gipuzkoako herri horretan.
ETE ligakoek Tolosaldeko II Ikurriña lehiatuko dute, 17:00etan hasita. Ondoren, KAE 2ko traineruen txanda izango da. Horiek 17:30etik aurrera lehiatuko dute 36. Pasaiako Ikurriña, eta KAE 1ekoen estropada 18:15ean hasiko da.
Domekan , berriz, Getarian batuko dira ETE eta KAE 1eko traineruak. Andoni Galarragaren oroimen estropadan parte hartuko dute, 11:20tik aurrera.
KAE 2 ligan hamar talde daude. Busturialdeaz gain, Deusto, Donostiarra, Hibaika, Hondarribia, Mutriku, Portugalete, Santoña, Illunbe eta Zarautz lehiatuko dira ligaren hamabi estropadetan. Ligaren bigarren jardunaldian Elantxoben ariko dira arraunean; ekainaren 27an lehiatuko dute 33. Elantxobeko Traineru Estropada. Abuztuaren 21ean lehiatuko dute ligako azken estropada, Hondarribian.
Bestalde, KAE 1 ligan hamahiru talde daude: Arkote, Astillero, Camargo, Castro, Deusto, Getaria, Kaiku, Lapurdi, Orio, Pedreña, San Juan, San Pedro eta Zumaia. 15 estropadako egutegia daukate, eta horietan azkena abuztuaren 22ko Bilbo Hiriko estropada da.
11 talde daude ETE ligan. Isuntza, Ondarroa, Castro, Deusto, Hibaika, Lapurdi, Lutxana, San Juan, Tolosaldea, Zarautz eta Zumaia ariko dira emakumezkoen liga horretan. 14 estropadako egutegia daukate, eta abuztuaren 28an Erandioko Bandera lehiatuz amaituko dute liga.