Bermeotik munduko itsasoetara, 500 urteren ostean
Arrantzaleen Museoan egin den ekitaldian, lehen mundu bira egin zuten protagonistak omendu dituzte.
Milurteko erdia joan da Juan Sebastian Elkanok munduari lehendabiziko bira eman zionetik. Ibilbide hori, baina, ez zuen bakarrik egin: getariarrarekin batera, zazpi tripulatzaile bermeotarrek ere parte hartu zuten zeharkaldian. Zazpi haietatik bi baino ez ziren etxera bueltatu: Juan Akurio kontramaisua eta Pedro Txindarza itsasmutil edo txo-a. Bi pertsonok omendu gura izan dituzte Bermeoko Ertzilla Dorrean dagoen Arrantzaleen Museoan, Mairin Mitchell-ek 1958an idatzitako La Odisea de Acurio eleberri historikoaren berredizioaren harira.
Horretarako, Bizkaiko Merkataritza eta Itsas Gaietako Kapitainen Elkarteak, Bermeoko Udalaren kolaborazioarekin, aurkezpen ekitaldi berezia antolatu du. Ekitaldiaren helburua, aipatu legez, bikoitza izan da: batetik, esandako nobelaren edizio berriztua erakustea; bestetik, herriari hainbeste eman zioten zazpi arrantzaleak omentzea.
Bermeo, mundua, Bermeo. Egitasmoari hasiera eman diona Bermeoko alkate Aritz Abaroa izan da: euskaraz zein gaztelaniaz argitaratutako liburu honen “garrantzia nahiz berezitasuna” azpimarratu ditu, “Bermeotik mundurako joan-etorriko bidaia baten kronika” dela azalduz. Gainera, bereziki hunkiarazi duen pasarte bat irakurri du, liburuak duen balioaren erakusgarri. Bizkaiko Merkataritza eta Itsas Gaietako Kapitainen Elkarteko lehendakari Francisco Javier Zarragoitiak, ostera, adierazi du obra duela 500 urteko Bermeoren “argazki fidagarria” dela, alegia, “sasoiko herriko giroaren, euskararen, arrantza ohituren edo herriko geografiaren erakusle zintzoa”.
Hitza hartu duen hiztun nagusia, ordea, Elkano 500 Fundazioko aholkularia eta gai honen inguruko aditua den Daniel Zulaika izan da; bermeotar arrantzaleek garaiko balentria hari ze motatako “giza ekarpenak” egin zizkieten argitu du. Era berean, azpimarratu du garrantzitsuena ez dela bakarrik “nortzuk joan ziren, nortzuk geratu ziren baino”. Ideia horretatik abiatuz bideratu ditu garaiko Bermeo eta Getariako bizi estiloen alderaketa, emakumeen esangura pisutsuaren azalpena edo espedizioko parte-hartzaileen deskribapenak. Akuriok berak utzitako testigantza bakarra zein den ere azaldu du: bere sinadura daraman dokumentu zahar bat.
Daniel Zulaikak azpimarratu du garrantzitsuena ez dela bakarrik nortzuk joan ziren, nortzuk geratu ziren baino
Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas gaietako zuzendari Aitor Etxebarriak azaldu du euskaldunak, garai hartako “nolabaiteko itsas globalizazioan” eredu izan zirela: 32 marinel euskaldun eta 7 bermeotar izan ziren, sasoi hartan. Adibide legez, “ilargira lehenengo bidaiaren parekotzat” jo ditu garai hartako espedizioak, eta “egungo itsas jakintzen zati esanguratsu bat” Juan de Akuriori esker gorde dela esan du.
Kresala odolean. Galerna Taldeko ordezkari Unai Bilbaok ere bere ekarpena egin dio aurkezpenari. Kirola eta ohitura lotzen dituen elkarte horrek 40 ontzitik eta 60 partaidetik gora ditu. Bilbaok argitu du Juan Akurio kontramaisuaren izena plaka batean idatzita ikusi zutela eta, arrasto horri tiraka, gaur egun dakigun informazio guztia ezagutzen joan direla. Aitortza hau “guztiz beharrezkoa” dela gehitu du; izan ere, Juan Sebastian Elkanok “izugarrizko izena” du Getarian eta bere espedizio laguntzaile Juan Akuriok, ostera, Bermeon “kale txiki eta ilun baten izena” besterik ez du izan oraintsura arte.
Bestalde, Galerna Taldearen lehendabiziko jarduera 2019an burutu zutela erakutsi du: berbaldi eta jardunaldi batzuk atondu zituzten, EHU/UPVren kolaborazioarekin. Gainera, scape room bat diseinatu zuten, umeek itsas gaien inguruan gehiago sakontzeko, kresala ginen, kresala gara, kresala izango gara lelopean.
Mundu bola Bokalen. Aipaturiko ekitaldi guztiez gain, antolatzaileek lehenengo mundu bira eta bertan parte hartu zuten bermeotar marinelak omentzen dituen mundu bola bat jarri dute Fraile Leku edo Bokale izeneko eremuan. Kokalekua oso berezia da herritarrentzat, han baitzegoen Bermeoko portu orijinaleko sarrera. Bolak bi metroko diametroa du eta hainbat materialez eginda dago: karbonozko poliesterra, beirazko zuntza eta esmalte sintetikoa. Bere azalera osoan marraztuta duen mapan, lehen mundu birako espedizioko eskalak, datak eta xehetasunak ditu idatzita.
Etorkizunera begira, antolatzaileek ez dute omenaldi soil batean geratu gura eta, ondorioz, ikerketekin aurrera egiteko asmoa dute; besteak beste, marinelen bizilekuak, Pedro Txindarzaren bizitza eta sasoiko beste espedizio batzuk aztertzekotan daude. Horrekin batera, garaiko beste marinel batzuen gainean sakontzeko asmoa ere erakutsi dute: Cristobal Colonekin ibili zen Domingo de Bermeo; Pedro Alonso Niñorekin bidaiatu zuen Juan de Ajangui; Colonen bigarren espedizioan garrantzia aipagarria izan zuen Bizkaiko Armada eta abar. Galerna Taldeak, ostera, Akurio Kontramaisu Oihal Eskola jarriko du martxan, arlo horren ingurura jende gehiago erakartzeko eta itsasoarekin lotutako kultur zein kirol jakintzak zabaltzeko asmoz.