Bermeoko ekonomia berpiztea helburu
Aktibazio ekonomikoa suspertzeko eta COVID-19ak eragindako kalte ekonomikoei aurre egiteko, Bermeoko Udalak "Nik, BermeON" kanpaina dakar.
Kanpainaren oinarria herriko dendari zein merkatariekin egindako elkarlana da. Ekimen horren barruan, besteak beste, lekuko kontsumora bideratuta dagoen 12 arrazoi Bermeon Erosteko egitasmoa plazaratu dute.
Programa horren bitartez, tokiko merkataritzak Bermeoko sare ekonomiko bezala duen esangura eta lana azpimarratu gura dute; plan horren barrenean, hainbat ekintza antolatu dituzte: IV. Erakusleiho lehiaketa, Merkatarien hamabostaldia eta Bermeoko bonu kanpaina. Aipatutako 12 arrazoi Bermeon erosteko proposamena herritarrei helarazteko asmoz, berriz, informazio dena dakartzaten triptikoak postontzietan banatu dizkiete herritarrei eta, horrez gain, herriko merkatari nahiz dendariekin promozio bideo bat ere grabatu dute.
IV. Erakusleiho lehiaketa Bermeo udaberriz jantzita lelopean aurkeztu zuten joan den maiatzean, eta sariketa horretako irabazleen aukeraketa (epaimahai profesional batek erabakia hartu ostean) oraintsu iragarri dute. Ildo beretik, ekainaren 14an Bermeoko bonu kanpaina ere aurkeztu zuten, aurten berritasunez josita datorrena. Bermeoko Udalak 20 euroko 4.000 erosketa bonu kaleratu ditu, herriko 79 saltokitan eskuratu daitezkenak.
Gainera, Merkatarien hamabostaldia izeneko programazioa ere plazaratu dute: ekainaren 21etik uztailaren 3ra bitartean, herriko merkatariek euren produktuak herritarrengana hurreratuko dituzte; kalera irtengo dira eta egiten zaien 10 euroko erosketa bakoitzaren truke Bermeoko herriaren irudi bat dakarren kotoizko poltsa bat oparituko zaie erosleei.
5.000 euro sarietan. Bestalde, Hazi berton, Bermeo izeneko merkatarien txartela ere sortu dute: herriko 65 komertziotan 10 euroko erosketa egitearren, txartel bat emango zaie erosleei eta, horren bitartez, hainbat sari jasotzeko aukera izango dute. Osotara, 5.000 euro banatuko dira saritan.
Berrikuntza bezala, halaber, herriko komertziorik zaharrena saritzea erabaki du Bermeoko Udalak, lekuko dendariek urte luzetan eginiko lana aintzat hartu asmoz; aitortza hori jaso duena, hain zuzen ere, Gabilondo farmazia izan da. Gabilondotarrek 1821ean hartu zuten komertzio hori, alegia, duela 200 urte.
Kepa Zumeta Bermeoko Udaleko Merkataritza, Sustapen eta Turismo zinegotziak azpimarratu duenez, “erakunde mailan, bai Bermeoko herritarrei, bai enpresari txikiei irtenbideak eskaintzen” saiatu dira. Horrez gain, “herritarren kontsumo ohiturak, garapen jasangarria nahiz ingurumen onurak modu sendoan bultzatzea lehenetsi dutela” adierazi du. Horretarako, 41.150 euroko aurrekontua bideratu dute, aipatutako neurri, proposamen eta egitasmo denak martxan jar daitezen.