"Akurioren odisea" liburua aurkeztuko dute
Juan Sebastian Elkanok egindako lehen mundu biraren V. mendeurrena ospatzeko prestatu diren ekimenen artean egingo dute aurkezpena
Mairin Mitchel-en 1958ko Akurioren Odisea eleberri historikoaren berredizioaren aurkezpen ofiziala egingo dute ekainaren 18an, Bermeoko Arrantzaleen Museoa kokatuta dagoen Ertzilla Dorreko areto nagusian.
Liburu aurkezpena gai horretan aditua den Daniel Zulaikak egingo du, eta eguerdiko 12:00etatik 13:00ra bitarte iraungo du. Ekitaldi horrekin, lehendabiziko mundu biran parte hartu zuten zazpi marinel bermeotarrak gogoratu gura dituzte eta, bereziki, Juan Sebastian Elkanorekin bira guztia osatu zuen Juan de Acurio omendu; bi horiez gain, Pedro de Chindarza izeneko bermeotarrari ere oroimen keinua egin nahi diote.
Saioa Bermeoko alkate Aritz Abaroak hasiko du, liburuaren aurkezpenerako sarrera bat eginez. Daniel Zulaikak, gainera, konferentzia labur bat ere eskainiko du, “Bermeoko herriak lehen mundu birari egindako giza ekarpenak azpimarratzeko”. Egitasmoa Aitor Etxebarriak zarratuko du, Eusko Jaurlaritzako Portuen eta Itsas Gaien zuzendariak. Arrantzaleen Museoko ekimenaren ondoren, Bolakean Lurreko Globoa inauguratuko dute, lehen mundu biran oinarritutako irudiekin apainduta dagoena.
Egitasmo hau Bizkaiko Merkataritza-Itsasketako Kapitainen Elkarteak antolatu du eta babesle nagusien artean Bermeoko Udala eta Eusko Jaurlaritza ditu; horiez gain, Galerna belaontzi elkarteak ere parte hartu du, aurkezpenaren laguntzaile bezala.
Horrekin lotuta, Akurio eta Elkano 1519-1522 izeneko erakusketa ere badago Arrantzaleen Museoan bertan eta, asteburu honetan, gaztelaniazko bisita gidatuak eskainiko dituzte, goizeko 10:30ak eta 11.30ak bitartean. Sarreren prezioa 3,5 eurokoa (orokorra) edo 2 eurokoa (murriztua) izango da eta 12 urtetik beherakoentzat, aldiz, doakoa. Bisitotarako aurretiazko erreserba egin beharko da, 946881171 telefono zenbakira deituta edo arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus helbide elektronikora idatzita.