Adimen desgaitasuna dutenentzat udako programak antolatu ditu Gorabidek
Udako programetan 239 leku eskaini ditu guztira, 119 astebeteko egonaldietarako eta 120 eguneko jardueretarako.
Udako programetan adimen desgaitasuna duten pertsonentzako 239 leku eskaini ditu Gorabideko Astialdi Zerbitzuak. Astebeteko egonaldietarako 119 leku eskaini ditu, eta eguneko jardueretarako, berriz, 120 leku.
Bigarren urtez antolatu dute udako programa, eta, aurtengoan ere, indarrean dauden osasun-arauetara egokitutakoa izango da. Hori horrela, parte hartzaileak txandatan banatuko dituzte: astebeteko egonaldietarako hamabost txanda antolatu dituzte, eta eguneko jarduerak sei eguneko hogei txandatan egingo dituzte. “Taldeak udako ohiko programetan baino txikiagoak izango dira, baina joan den urtekoak baino apur bat handiagoak, erabiltzaileen autonomia eta laguntza beharrizanaren arabera”, adierazi dute Gorabideko arduradunek.
Astebeteko egonaldiak Zugaztieta, Balmaseda, Mungia, Lekeitio eta Durangoko aterpetxe eta hoteletan egingo dituzte, eta, “ahal den neurrian”, iazko antzeko jarduerak prestatu dituzte parte hartzaileen gozamenerako: leku interesgarri eta interpretazio zentroak bisitatzea, ingurumen jarduerak egitea, hondartzara joatea, txangoak egitea, itsasontzietan ibiltzea… Zehaztu dutenez, eguraldiak laguntzen ez badu, ikus-entzunezkoak ikustea bezalako barruko jarduerak egingo dituzte.
Era berean, eguneko txangoetan Bizkaiko txokoetatik ibiliko dira. Besteren artean, Elantxobe eta Gaztelugatxe inguruak itsasontziz bisitatuko dituzte, Algortako Kirol Portuan bisita antzeztuez gozatuko dute, Plentzian kanoetan ibilko dira, eta Guggenheim edo Athletic museoetara joango dira. “Bizkaian ditugun aukerak ahal beste aprobetxatzen saiatuko gara”, esan dute antolatzaileek.
72 boluntario. Udako programa hori “neguko programan konpromiso eta inplikazio handia erakutsi duten” 72 boluntarioen lankidetzari esker egingo dute. Izan ere, etengabe aldatzen ari diren murrizketa eta egoeretara egokitu behar dira boluntarioak: “Guztiek jaso dute errealitate berrira egokitutako prestakuntza, formatu telematikoan eta aurrez aurre. COVID-19aren aurreko segurtasun neurri eta jarduerei buruzko edukiak ere jaso dituzte, eta horiek txanda bakoitzean mantendu beharko dituzte”.
Irabazi asmorik gabeko erakundea da Gorabide, eta adimen desgaitasuna duten Bizkaiko pertsonei eta haien senideei euren bizimodua garatzeko laguntzak ematea du helburu. Ikuspuntu etiko batetik eskaintzen du babesa, eta erantzun berritzaileak eskaini gura ditu, “gizarte solidarioago bat bultzatzeko”. Diotenez, udako programa hauek “onura handia” dakarkie adimen desgaitasuna duten pertsonei zein familiei. Hori dela eta, Gorabidek onura horiek eskaintzen jarraitu gura du programen egokitzapenean. “Pandemiaren mugak ez dira jardueraren kalterako izango, izan ere, garrantzitsuena da jendea ezagutzea, ondo pasatzea, eta, egun batzuez, errutina alde batera uztea”, adierazi dute antolatzaileek.