Sukarrietako Udal Gimnasioa berriro zabalduko dute
COVID-19ak ekarritako testuingurua aintzat izanda, erabilera araudi berezia zehaztu dute.
Sukarrietako Udalak berriro irekiko du udal gimnasioa. Dena dela, COVID-19aren krisialdiak eragindako osasun egoera bereziagatik, baldintza zerrenda berezia ezarriko zaie azpiegitura hau erabili gura duten herritarrei. Indarrean egongo diren arauek lotura dute, besteak beste, osasun segurtasunarekin, higienearekin, ordutegiekin eta orduen atxikimenduarekin.
Erreserba sistema bat egokituko dute erabiltzaile guztientzat: telefonoz (946870715) zein posta elektronikoz (udala.sukarrieta@bizkaia.org) hartu beharko dira orduak. Txandako, pertsona bakarra egon ahal izango da instalazioetan eta ordenantzaren legedia estu bete behar izango du. Araudi horren barruan daude, hurrenez hurren, musukoaren uneoroko erabilera, gehienezko 50 minutuko kirol saioak burutzea, erabiltzaileak ondorengo 10 minutuetan lokala aireztatzea eta eskuragarri izango diren produktuekin erabilitako makinak garbitzea.
Gimnasioa 08:30etik 14:00ak arte zabalik egongo da, astelehenetik barikura bitartean; asteburuetan nahiz jaiegunetan, ostera, zarratuta egongo da. Udaletxeko ate nagusitik izango du sarrera, atzeko atea itxita egongo baita. Martitzen eta eguenetan, aldiz, espazioaren garbiketa orokorra egingo da eta erabiltzaileek, hortaz, txukuntze lan horiek egiteko behar den denbora errespetatu beharko dute.
Gimnasoarekin loturiko COVID-19 kasuren bat agertuko balitz, gimnasioa epemuga barik zarratuko litzateke. Dena dela, egungo egoera eta lokalaren irekitze data kontuan izanda, gimnasioa erabiltzearren ordaindu beharreko 2021eko tasa ez da kobratuko.