Imanol Uria gailendu da Argi Baltza sariketako bigarren kanporaketan
Mikel Retolaza, Maite Sarasola, Leire Vargas, Ander Anakabe eta Nagore Beitia aritu ziren Uriagaz bertsotan, eta momentu zein bertso "berezi asko" utzi zituzten. Hurrengo eta azken kanporaketa Ajangizko Mendietako frontoian izango da domekan.
Jon Lopategi omentzeko Argi Baltza Bertsolari Gazteen sariketako bigarren kanporaketa lehiatu zuten domekan Gautegiz Arteagan, eta Imanol Uria nagusitu zen. Garaipenagaz, Bermeok jokatuko den finalerako txartela eskuratu zuen algortatarrak.
Mikel Retolaza, Maite Sarasola, Leire Vargas, Ander Anakabe eta Nagore Beitia aritu ziren Uriagaz bertsotan, eta momentu zein bertso “berezi asko” utzi zituzten. Bertsolariek maila bikaina erakutsi eta jendeak “harrera beroa” eginda erantzun zuela adierazi dute antolatzaileek.
50 pertsona inguru batu ziren Gautegiz Arteagan, eta udal frontoian giro bikaina nagusitu zen. “Ez genuen horrenbeste jende espero, egon zen eguraldiagaz jende gutxiago etorriko zela pentsatzen genuen, baina azkenean 50 pertsona hurbildu ziren. Oso ondo egon zen”, azaldu dute Lilibertsokoek.
Hurrengo geltokia, Ajangiz. Bermeoko finalaren aurretik Ajangizko Mendietako frontoian lehiatuko da hirugarren eta azken kanporaketa, domekan. Bertan ariko dira Garazi Navarro, Koldo Gezuraga, Txaber Altube, Iruri Altzerreka, Ander Urcelay eta Koldo Muñiz. “Ajangizera jendea gerturatzea espero dugu, hala ere, jendeari gerturatzeko deia egiten diogu, kanporaketaz gozatzeko”, diote Lilibertsokoek.
Orain arte egindakoagaz “oso pozik” daude, eta udalen aldetik jasotzen ari diren laguntza eskertu dute: “Udalen jarreragaz oso gustura gaude. Denetan lagundu digute, azpiegituragaz edo behar genuen guztiagaz. Oso gustura gaude”.
Lehenengo kanporaketak lehiatuta, Asier Galarza eta Imanol Uria egongo dira finalean, eta domekako bertsolarien artean zein den onena eta finalera zuzenean sailkatzen dena erabakiko da. Finalean ariko diren beste hiru bertsolariak puntuazioaren arabera sailkatuko dira.