Zain Dezagun Urdaibai: "Ezin dugu jasangarritasuna ahotan hartuta eredu kontsumista bat defendatu"
Guggenheim Museoa Urdaibaira hedatzeko proiektuaren aurka egin dute Zain Dezagun Urdaibai elkartekoek. Ez dute uste Guggenheim Museoak Busturialdeko "gainbehera ekonomikoa" konponduko duenik, "baldin eta gainbehera ekonomikoa benetakoa bada".
Guggenheim Bilbao Museoa Urdaibaira hedatzearen kontra agertu da Zain Dezagun Urdaibai. Guggenheim Fundazioaren proiektuak “gainbeheran” dagoen eredua defendatzen duela diote: “Ezin dugu jasangarritasuna ahotan hartuta eredu kontsumista bat defendatu. Gainera, Guggenheim Fundazioaren kultur eredu neoliberala gainbehera datorren eredua da, hemen eta munduan”.
Argudio hori defendatzeko diote hiru direla munduan zabalik jarraitzen duten Guggenheim museoak: New Yorkekoa, Veneziakoa eta Bilbokoa. “Laugarrena Abu Dhabikoa izango delakoan daude, baina 2008tik bueltaka ari dira”. Beste guztiek, arrazoi desberdinengatik, jarduera utzi dutela gogoratu dute: Nevadako Museo Guggenheim Hermitagek lehenengo, eta Alemaniako Deutsch Guggenheimek gero. Helsinkin aurkeztutako Guggenheim Helsinki Plana udalak bertan behera utzi zuela ere gogoratu dute, eta Mexikokoa ere ez eraikitzea erabaki zutela diote: “Itzela da kontua! Aurreko lau ereduei adituz gero, Guggenheim familiaz kanpo, bilbotarrek baino ikusten ez dutena eskualdearen salbaziotzat saldu gura digute. Antza beste guztiak baino argiagoak gara gu”.
Zain Dezagun Urdaibai elkartekoek ez dute uste Bilboko Guggenheim Museoak Busturialdeko “gainbehera ekonomikoa” konponduko duenik, “baldin eta gainbehera ekonomikoa benetakoa bada”. Izan ere, diotenez, Busturialdeak eskura ditu baliabide guztiak: “Baldin eta martxan jartzeko ausardia balu eta Godoten esperoan ez balego”.
Urdaibaiko Biosferaren Erreserban elkarbizitza arautzeko hartutako erabakiak betearazteko “gai den kolektiboa eta informazio fidagarria” behar direla diote Zain Dezagun Urdaibaiko kideek. “Beraz, zertarako denbora galdu, beste eredu solidariago bat posiblea bada? Lagunak informatu, herritarrei galdetu eta erabaki”.
Administrazioa.
Zain Dezagun Urdaibaiko kideek diotenez, administrazio publikoak ez dira “gai” erronka nagusiei aurre egiteko: “Horren erakusgarri da eskualdeko administrazio publikorik eza; estrategia ekonomiko partekatuak garatzea; ekonomiaren eta enpleguaren gainbehera; gizarte eragileen parte-hartze eza erabakiak hartzerakoan; uraren kudeaketa eta pribatizazioa; urak eta basoak kutsatzea, edota turismo berde edo masiboei buruz dauden desadostasunak”.
Euren ustetan, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak demokraziaren “aurka, subertsiboki eta ausarkeriaz” jokatu dute, “hainbat puntutan legea hautsiz”. Izan ere, diotenez, Ingurumen Eraginaren Baterako Ebaluaziorik ez dute aurkeztu. “Bestetik, Urdaibaiko Legeak ezartzen dituen babes bereziko eremuak kendu gura dituzte. Orain, de facto, kontsebazioaren edo birsorkuntzaren aurkako erabilerak baimentzen dituzte eremu horietan. Eta, azken batean, indargabetu egiten dute Natura 2000 Europako Sareko eremu horietarako indarrean dagoen araudia. Hori, dekretu bidez egingo dute, egungo krisi klimatiko eta sozialare egoera aprobetxatuz”. Gainera, salatu dute euren elkartea Erreserbaren Patronatuko Lankidetza Kontseiluko eskubide osoko kidea dela eta, hala ere, ez dutela proiektu horien berririk jaso.
“Europar Batasunak 2050ean neutraltasun klimatikoa lortzeko helburua proposatzen digu, Europar Batasuneko ekonomia jasangarri eta klima neutroduna bihurtuz, eta honako zutabe hauetan oinarrituta: deskarbonizazioan, eraginkortasun energetikoan, zero kutsaduran, ekonomia zirkularrean eta mugikortasun jasangarrian. Baserritik mahaira”, adierazi dute Zain Dezagu Urdaibaikoek. Baina, haien usrtetan, Guggenheim hedatzearen proiektuak ez du hori proposatzen: “Proposatzen duten masa turismoak ukitzen duen guztia suntsituko du”.