"Harridura sortu" du Landa Basoko Bizigaiakera egindako bisitak
Busturiko Auzholan elkarteak antolatutako hirugarren bisita gidatuan Busturian bertan geratu dira, Goierri-Larrazabale auzoan, hain zuzen.
Busturiko Auzholan elkarteak antolatutako hirugarren bisita gidatua egin zuten atzo. Oraingoan, Busturian bertan geratu dira, hain zuzen ere, Landa Basoko Bizigaiaken egiten duten lana ezagutzeko aukera eduki dute. Bisitak, “harridura sortu” duela esan dute antolatzaileek: “Zerbait ezagutu arren, mundu mikologikoak benetan zur ta lur utzi gaitu”.
Busturiko Larrazabale inguruan dagoen Erregearena baserrian hasi zuten bisita; bertan eraiki baitu Mikel Landak ziza eta basoko fruituen lantegia. Lehenik eta behin, azken urteetan landatutako ahabi eta masusta lerroak ikusi zituzten, eta zizak sortzeko eman beharreko urratsen berri eduki zuten gero, baserri barruan. Landaren inbertsio, asmo eta lorpenak ere ezagutu zituzten.
Produktuen dastaketa eginez amaitu zuten atzoko bisita gidatua. Marmelada eta shiitaki hautsez prestatutako gazta dastatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.