Garoa Martinez da Espainiako txapelduna
Bermeotarrak lehenengoz irabazi du Espainiako titulua.
Garoa Martinez bermeotarrak Espainiako Halterofiliako Txapelketa irabazi du lehenengoz. Molins de Rei (Bartzelona) herrian jokatu zuten txapelketa atzo [ekainak 13], eta tenperatura altuek “asko baldintzatu” zietela adierazi du Bermeoko kirolariak, beroari aurre egin behar izateak euren lanean eragin ziela: “Egin nituen huts egiteak beroagatik egin nituen, mareatzeko zorian egon nintzen. Espainiako titulu hau irabazteak asko suposatzen du niretzat. Aurretik Espainiako txapelketan lortutako urrezko medaila bat daukat, baina hura bi-denbora modalitatekoa da. Mentalki ondoen lehiatu dudan txapelketa izan da hau”.
Martinezen hitzetan, “kiloen arteko lehiak baino, psikologikoki gogorrena izateak markatu zuen aldea”. Hasieratik “oso kontzentratuta” egon zen, “besteei kasurik egin barik”. Beroaren ondorioz, bigarren modalitatean “hustu” egin zen: “Lehen modalitatea teknikoagoa da eta, horregatik, beroa ez nuen hainbeste igarri. Bigarren modalitatean, bi-denborak deritzonean, indarrak dauka garrantzia, eta uste dut hainbeste bero egin ez balu kilo gehiago altxatuko nituela. 88 kilo altxatu nituen hasierakoan, eta teorian, proportzioan, bi-denboretan 108-109 kilo altxatu beharko nituzkeen arren, 101 kilo altxatu nituen. Beroagaz hustu egin nintzen. Denok huts egin genuen, eta jendea mareatu egin zen”.
Txapelketan bertan garaipena “ez zuen guztiz gozatu”. Bigarren modalitatean hiru saiakera eduki zituzten, eta lehenengoan egin zuen markarik onena. Geroago jakin zuen bera zela txapelduna: “Momentuan bertan ez nekien irabazi nuenik. Azken altxaldia nik egin izan banu jakingo nuke, baina kanpoan nengoela esan zidaten”.