Erabakitzeko eskubidearen aldeko sinadurak batzen hasi dira Bermeon
Hurrengo bi asteburuetan ere sinadurak batuko dituzte, zapatuetan udal azokan eta domeketan Lameran.
Hamaika Gara ekimenaren baitako erreferendumaren aldeko sinadura bilketa abiarazi dute Bermeon. Asteburuan ibili dira sinadurak batzen, zapatuan udal azokan eta domekan Lameran. Asteburu honetan sinatzeko aukerarik eduki ez dutenek, hurrengo asteburuetan egin ahalko dute. Bermeoko Gure Esku Dagotik azaldu dutenez, zapatuetan (ekainak 19 eta 26) udal azokan jarriko dute mahaia 11:30etik 13:30era. Domeketan (ekainak 20 eta 27), Lameran egongo dira, 12:30etik 14:30era.
Urte amaierara arte luzatuko dute estatus politikoari buruzko erreferendumaren aldeko sinadura bilketa. Digitalki ere erreferendumaren aldeko manifestua sinatzeko aukera ere badute herritarrek, Hamaika Gara ekimenaren webgunean sartuta.
Sinadura bilketari lotutako erronka bat ere bota dute Hamaika Gara ekimenaren eragile sustatzaileek: #11SinadurenErronka. Herritarron gehiengoak erabaki gura duela ikustarazteko eta gehiengo hori burujabetzarako bidean inplikatzeko sortu dute erronka berria. Hori horrela, gutxienez hamaika sinadura lortzeko erronka jarri diete herritarrei, sinadura bilketa masiboa izateko: “Ahalik eta jende gehien bilatu beharko da, neurri handiago edo txikiagoan, sinadura bilatzaile bezala aritzeko. Erreferendumaren aldeko manifestua sinatzen duen pertsona oro beste jende batengana ailegatzeko katebegi izatea nahiko genuke”.
Datorren barikuan (ekainak 18) gaiari buruzko hitzaldi bat ere antolatu dute, 19:00etan izango da Arrantzaleen Museoan. Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak emango ditu azalpenak.