Denboraldi-aurreko azken estropada Ondarroan lehiatu dute Urdaibaik eta Busturialdeak
Urdaibai hirugarren eta Busturialdea hamabigarren sailkatu dira IX. Antiguako Ama Estropadan. Busturialdea azkarrena izan da lehenengo txandan.
ETE, KAE 1, KAE 2 eta TKE ligetako traineruak batu dira asteburuan Ondarroan. Zapatuan [ekainak 12] lehiatu zuten IX. Antiguako Ama Estropada denboraldi-aurreko azken proba izan da guztientzat, eta emakumezkoetan Deustuk eta gizonezkoetan Zierbenak lortu zituzten banderak.
Gizonezkoen taldeek, mailaren araberako hiru txandatan banatuta lehiatu zuten erlojupekoa, eta Eusko Label Ligako sei taldek osatu zuten hirugarren eta azken txanda, eta horiek izan ziren azkarrenak. Hogei minutu, bost segundo eta 55 ehunenetan burutu zuen denboraldi-aurreko azken estropada Zierbenak. Bost segundo eta 32 ehunen atera zizkion Ondarroari. 66 ehuneneko aldea egon zen Ondarroa bigarrenaren eta Urdaibai hirugarrenaren artean. Santurtzik laugarren amaitu zuen, erlojupekoa hogei minutu, hamasei segundo eta 50 ehunenetan amaituta. Zarautzen eta Lekittarraren artean ere alde estua egon zen; segundo bat eta 40 ehunen barruan sartu ziren biak.
Lehenengo txandan uretaratu ziren KAE 2ko taldeak. 21 minutu, zortzi segundo eta 50 ehunenetan amaitu zuen erlpojupekoa Busturialdeak, bere txandako marka onena eginez.
16 traineruk lehiatu zuten gizonezkoen erlojupekoa, eta emakumeetan, ostera, bederatziren artean erabaki zen bandera. Lehenengo bien artean alde estua egon zen. 11 minutu, zazpi segundo eta 80 ehuneneko markagaz irabazi zuen Deustuk. 44 ehunen atera zizkion Zumaia bigarrenari.
Hibaika (11.19,72) eta San Juanen (11.24,07) atzetik sailkatu ziren Ondarroa eta Lekittarra Lea-Artibaiko taldeak. 11 minutu, 35 segundo eta 47 ehuneneko denbora egin zuten etxeko arraunlariek, eta Lekeitiokoek 11 minutu, 47 segundo eta 65 ehunenetan.