4.000 bonu kaleratuko ditu Bermeoko Udalak
2021eko bonu bidezko salerosketa programa berrikuntzaz josita dator, herriko komertzioa sustatu asmoz.
‘Nik BermeON’ egitasmoaren barruan dagoen bonu bidezko merkataritza kanpaina aurkeztu du gaur Bermeoko Udalak, eta horren helburuak dira Bermeoko ekonomiaren suspertzea eta COVID-19ak eragindako galerak leuntzea. Aurtengo edizioa, hilaren 26ra arte luzatuko da eta, horretarako, Bermeoko Udalak 20 euroko 4.000 bonu kaleratuko ditu. Oraingoan, herriko dendek bonuak esleituta izango dituzte, ekimenean izena ematen duten komertzioen arabera.
Berrikuntzei dagokienez, webgune berriaren sorrera nabarmendu dute; web orri horretan, besteak beste, programan parte hartzen duten saltokiak zeintzuk diren agertuko dira, eta baita haietako bakoitzean bonuak geratzen diren edo ez. Herriko 79 establezimenduk parte hartuko dute bonuen kanpainan, “mota guztietako dendak”.
Herritar bakoitzak lau bonu baino ezin izango ditu eskuratu, eta erosketa bakoitzean, gehienez, bi bonu erabili ahalko dira. Bonuak balioztatzeko, ostera, dendariek plataforman sartu beharko dute eroslearen NAN zenbakia.
Dendan bertan. Bonuak erosteko prozedura ere desberdina izango da aurten. Internet bidez edo kutxazainetan erosi ordez, bonuak herriko komertzioetan bertan eskuratu ahalko dira; horretarako, ekimenean parte hartuko duen denda bakoitzak kanpainaren kartela ikusgai izango du. Bermeoko alkate Aritz Abaroak honakoa azaldu du bonuak lortzeko sistema aldaketari buruz: “Herriko dendariekin berba egin ostean, bonuak komertzioetan saltzea erabaki genuen; izan ere, badira Internet eta kutxazainen bidetik kanpora geratzen diren erosleak eta, bide berri honekin, hartzaile guztiengana iritsiko gara”.
Bermeoko Udalak adierazi duenez, kanpaina hau aukera “ederra” da bermeotarrak herriko komertzioetan kontsumitzera bultzatzeko, “geurean beharrizan denak asebetetzeko besteko eskaintza daukagu-eta”.