"Proiektu guztietan ikerketa eta kontserbazioa bultzatzeaz gain, hori ezagutaraztea bilatzen dugu"
Ehunka urtetan Kantauri kostaldean jaio diren lehenengo hiru arrano arrantzaleak jaio dira Urdaibain. Horietako bat, gainera, munduko lehen arrano arrantzale albinoa izan da.
Ehunka urtetan lehenengoz, hiru arrano arrantzale jaio dira Urdaibain. Zer suposatzen du horrek?
Arrano arrantzaleak migrazioan ibili ohi dira Urdaibain. Duela ehunka urte, baina, ugaldu egiten ziren inguru honetan. Baina gizakiak harrapakari denen kontra egin duen moduan, arrano arrantzaleen kontra egin zuen, pentsaturik bere onurentzako kaltegarria izango zela, nahiz eta arrano arrantzaleek arrainak bakarrik jaten dituzten. Hori dela eta, arrano arrantzalea berreskuratu gura genuen. Bikote bat Urdaibain habia egiten ikustea zen gure asmoa, etaproiektu bat abiatu genuen 2013an.
Duela ia 10 urte martxan jarri zenuten proiektua zelan hasi zen?
Lehenengo beste leku batzuetan horrelako berreskurapen proiektuak zelan burutu dituzten aztertu genuen, eta Odielen, Huelvan (Espainia), antzeko proiektua egin zutela ikusi genuen. Ohartu ginen, arrano arrantzaleak bertara ekartzeko, beharrezkoa zela arrano arrantzaleen populazio ona zuen herrialde baten ekarpena jasotzea. Arrano arrantzale txiten donazioak egiteko prest egon behar zuten, eta herrialde hori aurkitzea, hitzarmenak sinatzea eta finantziazioa lortzea izan zen lehenengo lana. Azkenean Bizkaiko Foru Aldundiagaz eta Eusko Jaurlaritzagaz hitzarmen bat lortu genuen, eta herrialde emailea Eskozia izatea lortu genuen. Hala, urtero-urtero bost urtetan zehar, 12 arrano arrantzale txita Eskoziatik Urdaibaira ekartzeko hitzarmena sinatu genuen.
Zelakoa izan da prozesua?
Eskoziara joan ginen, eta gobernuak zehaztuta zituen hiru txitako habietatik bat ematen ziguten. Laupabost asteko adinagaz ekarri genituen, orduan ohartzen dira-eta, inguruagaz. Eskozian jaio ziren, baina Urdaibain jaio zirela pentsarazi genien. Arrano arrantzale guztien modura, Afrikarantz joaten ziren eta han bi negu igarota bueltatzen ziren. Izan ere, helduaro sexuala dutenean jaio diren lekura bueltatzen dira habiak egitera. Hain zuzen, 2015an hasi ziren arrano arrantzaleak bueltatzen. Hainbat urte pasatu dira ordutik, eta etortzen jarraitzen dute. Landetan (Frantzia) ere badaude hainbat arrano arrantzale, bikotea egin eta txitak izan dituztenak. Berez, proiektua arrakastatsua da duela hainbat urtetatik. Baina guri Urdaibain habia jartzea faltatzen zitzaigun.
Eta aurtengoa izan da zorioneko urtea.
Afrikaratik bueltan etorri dira beste urte batzuetan ere, baina aurtengoa zorionekoa izan da. Proiektuko Roy arrano arrantzaleak Landa izeneko bikotea aurkitu zuen iaz, eta aurten, biak batera etorri dira habiara. Hala, ehunka urtetan lehenengoz, arrano arrantzale bikote bat hasi da Urdaibain habia egiten. Eta zorioneko urtea dela diot, ze ugalketa aurrera doa, eta txitak aurrera ateratzen dabiltza. Hori arrakasta itzela da.
Ugalketa arazo barik joan da?
Dena joan da oso ondo. Roy martxoaren 24an etorri zen, eta 30ean Landa. Orduan ikusi genituen habia egokitzen, eta, halako batean, ezusteko atsegina eman ziguten. Apirilaren 19an lehenengo aldiz ehunka urtetan Urdaibain, arrano arrantzaleek arrautza jarri zuten. Handik lau egunetara bigarrena eta beste laura, 26an, hirugarrena. Hori ikaragarria da. Azkenean, maiatzaren 30an, domekaz, 06:07 minutuan, lehenengo arrautzaren oskola apurtzen hasi zen, eta handik minutu gutxira bigarrena. Txita bi jaio ziren lehenengo aldiz Urdaibain, eta handik eta hiru egunera beste bat. Hirugarrena jaio zen, eta ezustekoa ekarri zuen. Albinoa zen. Zailtasun ikaragarriak izan ditu eta azkenean hil egin da. Txita gazteena zen eta hiru eguneko aldea nabarmena da arranoen kasuan, eta are gehiago albinoa izanda. Orduan hasten dira burua altxatzen, janaria eskatzen… eta kasu honetan, albinoa oso ahul egon da. Ziur gaude itsua zela.
“Arrano arrantzaleak jendearengan kontzientziazioa lortzen du”
Lehenengo arrano arrantzale albinoa da?
Italian beste albino bat egon zela pentsatzen genuen, baina azkenean leuzistikoa izan zen. Hau da, melanina falta daukala gorputzeko atal batzuetan, baina ez osoan. Horiek normal hazten dira, eta sarritan melanina lortzen dute. Baina kasu honetan albinoa izan da, lehena.
Jendeak esku hartzeko eskatzen zizuen.
Polemika apur bat izan genuen, jendeak esku-hartzeko esaten zigulako, eta albinoa guk etxean hezteko. Baina gure asmoa ahalik eta esku hartze txikiena egitea izan da beti. Nahiz eta proiektua guk egindakoa izan eta hasierako habia guk jarri, eurek naturalki hartu dute habia eurentzat eta zikloa jarraitu dute. Arranoa zentroan haziz gero, beste Copito de Nieve bat bihurtuko zen, eta kaiolan egon beharko zuen. Ez genuen horrelakorik nahi. Urdaibaiko zeruetan hegaz egitea gura genuen, eta hegaldi bakarra egin zuen, heriotzarena. Hori izan da arrano txikiaren historia. Baina pozik egon behar gara, beste bi geratzen direlako, arrano arrantzale indartsu bi.
Hurrengo pausoa zein da?
Txitak identifikatzea izango da. Plastikozko eraztun bat jarriko diegu, zenbaki eta letra bategaz. Izan ere, horren arabera jakingo dugu zeintzuk diren. Uztailaren lehenengo astean jarriko dizkiegu eraztunak, txitek bost aste dituztenean. Lumatuta egongo dira, baina oraindik habian. Lehen hegaldia udan izango da, uztailaren amaieran edota abuztuaren hasieran. Orduan ikusiko ditugu lehendabiziz Urdaibain jaiotako lehenengo arrano arrantzaleak hegaz. Lehen hegaldiak eginda, habiara bueltatuko dira, baina beste leku bat aurkituko dute gero. Hala ibiliko dira abuztu osoan zehar, aklimatatzen, eta irailean, migrazioaren sena sartuko zaie, eta Urdaibaitik hegoalderantz joango dira. Penintsula gurutzatuta, Gibraltar zeharkatu eta Afrikara egingo dute salto. Orain arte, gure arrano arrantzale gehienak Gambia, Senegal, Ginea Bisau, Mali… ingurura joan dira eta negu bi pasatzen dituzte han, helduaro sexuala heldu arte. Orduan bueltan etorriko diren itxaropena daukagu.
Ibilbide hori zuzenean jarraitzeko asmoa daukazue?
Ez, horretarako GPS bat jarri behar zaielako, eta ez jartzea pentsatu dugu, eurek ahalik eta errazen bidaiatzea gura dugulako. GPSa jartzeko aukerak aztertu ditugu, baina horretarako finantziazioa ere behar da eta ez jartzea erabaki dugu. Ea dena ondo doan eta bi urte barru Urdaibain ikusten ditugun.
Urdaibain jaio dira, Biosferaren Erreserban. Zer suposatzen du arrano arrantzaleak berriro inguru honetan jaiotzeak?
Arrano arrantzalea oso hegazti polita da, jendea erakartzen duena. Bere kontserbazioa aurrera eramanda, gainera, konturatu barik, euren azpian dauden eta ikusezinak diren beste hegazti eta landare batzuen habitata ere kontserbatzen dute. Aterki lana egiten dute, hegoen azpian sartzen dituztelako Urdaibaiko espezie asko, ezezagunak direnak, eta arriskuan daudenak. Ur benarriza espeziea galzorian dago. Bederatzi gramoko txoria da, Europan mehatxatuen dagoen txori txiki bakarrenetakoa. Oso gutxi geratzen dira munduan, 10.000 bikote inguru, eta Urdaibai eurentzako beharrezko lekua da, geratzeko, jateko eta deskantsatzeko. Urdaibai euren migrazio bideetan zeharkatzen dute, Poloniatik Ukraniatik Afrikarantz joaten direlako. Guk hegazti txiki hau kontserbatzea gura badugu, Urdaibai bezelako lekuak kontserbatu behar ditugu. Izan ere, jendearentzako eta administrazioarentzako ezezaguna da espeziea, eta oso gatza da ezezaguna denaren kontserbazioa bultzatzea. Horretarako daukagu arrano arrantzalea. Hura kontserbatuta, txori horrek behar duen habitata babesten dugulako, eta, hortaz, espeziea.
Guzti honetatik ikerketarako datuak ere jasoko dituzue?
Horretan gabiltza buru belarri. Arrano arrantzaleekin gozatzeaz gain, jarraipen paralelo bat egiten dugu, ikerketakoa. Ze, lehenengoz, zerotik ikusten dugu arrano arrantzale bikote baten ugaltze prozesu guztia, eta hori oso garrantzitsua da euren ziklo biologikoa ezagutzeko. Baita gizakiok eurengan zelan eragiten dugun jakiteko ere. Datu guzti horrek jasotzen ari gara, aurrerago aterako ditugun ikerketak burutzeko.
24 orduko kameren bitartez, herritarrek adi-adi jarraitu dute arrano arrantzaleen egunerokoa. Kamerekin ezagutza bultzatzea zen asmoa?
Proiektu guztietan ikerketa eta kontserbazioa bultzatzeaz gain, hori dibulgatzea bilatzen dugu. Egiten duguna eta gertatzen dena modu erraz batean erakutsi gura dugu. Izan ere, ikerketa proiektu asko egiten dira eta datu asko eskuratzen dira, baina horiek artikuluetan edota aldizkari espezializatuetan geratzen dira, eta oso gutxik irakurtzen dituzte. Ikertzaile guztiok ahalegin bat egin behar dugu lortzen ditugun datuak modu errazean jendeari erakusteko eta ulertarazteko.
Kontzientziazioa bultzatzea ere bilatu duzue.
Arrano arrantzaleak jendearengan kontzientziazioa lortzen du. Kamerei esker, etxeetatik jarraitu dezakegu arranoen egunerokoa. Horrek denak gure bihotzean leku bat sortzen du, baita gure gazteetan ere, eta eurak dira gure etorkizuna. Horrek lortzen du jendearen naturarekiko kontzientziazioa bultzatzea.
Noiz jarri zenituzten kamerak?
Bizi ibili ginen, eta dena ondo joanez gero, arrano arrantzaleak Urdaibain izango genituela pentsatzen genuen. Hala otsailerako, habia aurrean zutoin bat jarri genuen, zuzeneko kamera bategaz, euren jarraipena egiteko asmoz. Kamera jarri eta gutxira iritsi zen Roy.
“Arranoen lehen hegaldia uztailaren amaieran edo abuztuan izango da”
Erantzuna zelakoa izan da?
Harrigarria da honek gure eskoletan izan duen harrera. Euskal Herrian ez da geratzen eskola bat zuzenekora sartu ez dena, eta hori nabaritu dugu bertara hurreratzen den jendearengan. Denek diote etxeetatik ikusi dituztela arrano arrantzaleak. Horretatik asko ikasten da. Kamera hori tresna moduan erabili dugu ingurumen hezkuntzarako, batez ere, gaztetxoengan ingurumen hezkuntza bultzatzeko.
Espero zenuten horrenbeste jende batzea?
Ez genuen espero horrenbesteko harrera izatea. Milaka pertsona izan dira zuzenekoetara batu direnak. Espero genuen harrera ona edukitzea, zuzeneko kamera jarri dugun bakoitzean arrakasta bat izan duelako, baina ez horrenbestekoa. Jende asko batu da, etxetik naturara gerturatzeko leihoa izan delako. Ez dira bakarrik Urdaibaiko zein Euskal Herrikoak sartu, Espainiatik milaka pertsona batu dira, baita mundutik ere: Ingalaterratik, Alemaniatik, Holandatik, AEBtatik, Singapurretik, Japonetik… Inguruak ere eragin du horretan. Urdaibai berezia da, oso bizia eta dinamikoa. Mareak ditugu eta ingurua asko aldatzen da itsasoa gora edo behera dagoenean. Paisaia ikaragarria dago. Horrek jende asko erakarri du, baita munduan ezagutzen zen lehenengo arrano arrantzale albinoa zuzenean ikusi ahal izateak ere.