Konponbiderako bide "garbi eta gardena" aldarrikatu dute
Preso eta iheslarien etxerako bidean urratsak eman dituzte gaur ere. Gernika-Lumoko Sarek deituta, konponbidea aldarrikatu eta indarrean dagoen "ezohiko espetxe politika" salatu dute.
Ura eramateko gizakiak egindako bidea da ubidea, baina bide horrek Euskal Herrira dakarren ura ez dela gatazkaren ondorioak konpontzeko bezain “garbi eta gardena” diote Gernika-Lumoko Sareko kideek.
Horren aurrean, preso eta iheslarien etxerako bidean urratsak eman dituzte gaur ere. Izan gaitezen (u)bidea lelopean konponbidea aldarrikatu dute, “elkarbizitzarako eta bake eszenatokirako bidea”. “Horixe da urratsez urrats gaurkoan hemen egin dugun bidea. Izan ere, azken urteetan argi erakutsi dugunez, herritarrok preso eta iheslarien auzia behin betikoz konpontzeko nahia dugu“, adierazi dute Sareko kideek.
150 lagun inguru batu dira mobilizazioan, eta indarrean dagoen “ezohiko espetxe politika” salatu dute, “bidegabea” dela esanez. Izan ere, euskal presoei legedi arrunta ezarriz gero, larriki gaixo dauden presoek eta zigorraren hiru laurden beteta dutenek jada etxean egon beharko luketela argudiatu dute: “Graduen progresio naturala dela medio, presoen gehiengoa hirugarren graduan litzateke, baimenekin dagokien gizarteratze prozesua osatuz”.
Hori ez eta, indarrean dagoen espetxe politikak “gorabehera larregi” dituela uste dute, pandemiak “areagotu besterik ez” dituenak egin. “Presoen eskubideak are urratuago geratu dira, euren segurtasunaz eta osasunaz ez direlako arduratu. Urgentziazko kontuak dira presoen txertaketa, PCR probak egitea, dagozkien osasun artatzeak bideratzea eta komunikazio intimoak eta familiarekikoak berreskuratzea“, adierazi dute Sareko kideek agerraldian.
Euskal preso politikoen eta haien inguru hurbilari erreparatuta ere, bidea dago egiteko. “Jasaten dituen eskubide urraketa sistematikoa amaitu eta elkarbizitzan eta justizian oinarritutako garai berria eraikitzeko bidea dago egiteko”, esan dute, eta Kepa Arronategiren kasua gogoratu dute. Aita Meni ospitalean dute Arronategi, eta gaixotasun larria daukanez, etxean egon beharko lukeea aldarrikatu dute gaur, “artatzerik egokiena etxean jasoako duelako”. Eta Eneko Goieaskoetxea eta Jabi Abaunza eta gainerako euskal presoen etxeratzean urratsak eman beharko liratekeela ere adierazi dute.
“200dik gora, etxetik urrun”. Gatazkaren konponbidean urratsak eman direla diote, izan biktima guztien aitortzan zein salbuespenezko espetxe politika malgutzean, baina oraindik 200dik gora preso, deportatu eta iheslari daude haien etxeetatik urrun. “Astero daukagu presoren baten Euskal Herriratze edo hurbiltzearen berri, eta poztu egiten gara, zelan ez, haiengatik, familiengatik eta lagunengatik. Baina bide luzea dago egiteko, 20 bat preso oraindik etxetik 500 kilometro baino urrunagoko espetxeetan kondenatuta daudenean”.
Emandako pausoak “nahikoak ez diren arren”, bidean aurrera egiteko aukera badagoela erakusten dutela diote Sarekoek, eta aukera hori baliatu gura dute bide hori “finko” bilakatzeko. “Oraindik badugu zer ibili, eta gu gara horretarako bermea, gu gara bidea”, adierazi dute.
Beste herrialdeetako presoak ere gogoratu dituzte gaurko mobilizazioan: “Palestina eta Saharako presoen eskubideak errespetatu daitezela ere exijitzen dugu, espetxe bidegabekeriak hemen eta edonon salatzen ditugulako”.
Beste pauso bat. Preso eta iheslarien etxeratze bidean pausoak emateko gizartea aktibatu dute Sarekoek, eta horri eutsiko diote. Izan Bidea dinamika iraunkorra abiatu zutenetik urtebete igaro da, eta erronkaren heren bat –milioi bat kilometro– bete dute dagoenerako. Hala ere, aurrerantza jarraituko dute, eta bigarren urratsa iragarri dute: Ibilian ibilian lelopean. Urrats hori mobilizazio nazional batekin indartzeko asmoa dute Sarekoek urrian.