Euskararen erabilera bultzatzearen beharra azpimarratu dute ikasleek
Gernikako Institutuko eta Barrutialdeko ikasleekin 'eusLiderrak' proiektua garatu dute Busturialdeko AEK-koek. Hizkuntza ohitura berriak sortzeko lanketa egin dute gazteekin, hizkuntzekiko jarrerak jorratuz eta euskara bultzatzeko erramintak eskainiz.
Gazteen artean euskararen erabilera bultzatzeko asmoz, eusLiderrak proiektua bultzatu dute Busturialdeko AEKkoek Gernika-Lumoko Udalagaz elkarlanean. Gernikako Institutuko eta Barrutialdeko ikasleekin landu dute proiektua, euren hizkuntza ohituretan eragiteko asmoz. “Euskararen erabileran eragiteko proiektu eraginkorra da, Euskal Herri mailan lantzen ari garena”, azaldu dute AEK-ko ordezkariek.
Hala, hiru formakuntza saio egin dituzte ikasleekin. Lehenengo saioan hizkuntzei buruzko aurreiritziak desaktibatzea bilatu dute: “Mundu guztiak uste du euskaraz oso jende gutxik berba egiten duela, baina hori ez da zuzena. Ez dute pentsatzen horrenbeste hizkuntza daudenik munduan, eta interneteko datuak ere erakusten dizkiegu. Sare sozialetan zenbat erabiltzen den euskara esaterako, eta harritu egiten dira”. Bigarren saioan, lidergoagaz zerikusia duten koherentzia eta bestelako gakoak landu dituzte, eta ikasleei erremintak eman dizkiete aldaketa bat eragiteko. Hirugarren saioan, aurretik bete behar duten inkestaz berba egin dute, eta aldaketarako joerak indartu.
Saio horietan euskarari buruzko “datu ezezagun asko” jaso dituztela diote DBH 3.mailakoek: “Proiektu interesgarria izan da. Pentsatzen genuenak baino jende gehiagok egiten du berba euskaraz, eta ohartu gara pilo bat hizkuntza daudela munduan zehar”.
Ekintza soziala. Behin hiru saioak jasota, ekintza soziala prestatuko dute. Atxikimendua adierazi duten ikasleekin jarraituko dute lanean, eta ekintza soziala burutuko dute. “Ekintza soziala borondatez izena ematen dutenekin egiten dugu. Hori gakoa da, proiektuarekiko atxikimendua sortu delako. Hizkuntza lider horiekin lan egiten dugu, eta hurrengo ikasturtean eurek 4.mailan daudenean 3.mailakoei saioak eskaintzeko prestatzen ditugu”, azaldu dute. Halaber, ekintza bat prestatu behar izaten dute.
Pandemiaren ondorioz, aurten, ezin izan dute horrelakorik burutu, eta iazko ikasleak egoerara egokitu behar izan dira. “Ideia asko izan genituen. Adibidez, Institutuko murala berriro margotzea pentsatu genuen, eusLiderren logotipoa dagoelako bertan. Logotipo horregaz mosaiko bat egitea ere pentsatu genuen, eta argazkia ateratzea”, azaldu dute Gernika BHIko ikasleek. Gernikan Ginkana bat egitea ere pentsatu zuten, baina egin aurreko astean etxeratze agindua ezarri zuten.
Azkenean, baina, bideo bat egin zuten irailean. “Ez zen berdina izan”, onartu dute ikasleek. “Gelaz gela euskara erdigunean jartzen zuten esaldiak grabatu genituen, guk sortutako esaldi desberdinekin. Irakasleei ere parte hartzeko eskatu genien eta ondo atera zen azkenean”, diote ikasleek, eta balorazio “oso ona” izan zuela diote AEK-koek.
Esperientzia “polita” izan dela diote, eta aurten saioak eskaintzeko “penaz” geratu direla aitortu dute 4.mailakoek. “Gogoz gertau dira, eta hori oso ona da”, uste dute AEK-koek.
“Beharrezkoa”. Datorren urtean proiektuagaz jarraitzea da asmoa, eta “normaltasunez” eskaini ahal izatea espero dute. Izan ere, euskararen erabilera bultzatzea “beharrezkoa” dela ondorioztatu dute. “Duela bost edo sei urte egin zen euskararen erabilerari buruzko azken kale neurketa, eta adin guztietan euskararen erabileran beherakada egon zela ikusi genuen. Hortik ikusi genuen horrelako proiektuak gauzatzeko beharra”, azaldu dute AEK-koek.
Gernika BHIko ikasleak ere, beharrezkoa dela uste dute, “euren inguruan edota institutuko korridoreetan gero eta euskara gutxiago erabiltzen delako”. Horretan sare sozialek eragina dutela diote: “Sare sozialak erdaraz egoteak eragina daukala uste dugu, horrek eragina daukalako komunikatzeko hizkuntza aukeratzerakoan”. Hori horrela, euskara bultzatzeko bidean lan egingo dutela adierazi dute. “Kate bat da dena, guk kate horiek aktibatzen ditugu, eta ikasle hauek hizkuntza liderrak izango dira orain, ondorengoengan eragiteko”, esan dute AEK-koek.