Kirol Diziplina Batzordeak ez du onartu Independienteren helegitea
Gernika RTren eta Independienteren arteko promozio partiduan Gernika Rugby Taldearen ustezko arauz kanpoko hamabostekoagatik helegitea aurkeztu zuen Santanderreko klubak, eta gaur jakinarazi dute atzera bota dutela. Eduardo Maidagan entrenatzaile gernikarrak esan du eurak "lasai egon" direla, eta euren iritziagaz bat etorri dela Epaileen Nazio Batzordea
Maiatzaren 31n Ohorezko Mailara igo zen Gernika Rugby Taldea. Promozio partidu hartan talde gernikarraren ustezko arauz kanpoko hamabostekoagatik helegitea aurkeztu zuen Santander Independieten RCk orain dela bi aste, eta gaur [ekainak 9] jakinarazi dute Kirol Diziplina Batzordeak ez duela onartu.
Eduardo Maidagan entrenatzaile gernikarrak esan du eurak “lasai egon” direla, eta euren iritziagaz bat etorri dela Epaileen Nazio Batzordea: “Guk partidu ostean jakin genuen Santanderrek helegitea aurkeztuko zuela, eurentzat gure aldaketa bat txarto egindakoa zelako, eta gure ustez ez. Arauaren interpretazioaren araberakoa da. 2017ko legean argi zehazten zen, eta 2020koan parrafo batzuk kendu zituzten, baina denetan ere gauza bera ulertzen dela uste dugu”. Martitzenera arte eduki dute euren alegazioak aurkezteko epea, atzo batzartu zen Kirol Diziplina Batzordea eta gaur jakinarazi diete erabakia: “Lehenengo momentutik ikusi genuen ondo egin genuela. Abokatuek esan ziguten dena ondo eginda egon dela, eta itxaroten egon gara. Guk gure dokumentazioa aurkeztu ondoren, Kirol Diziplina Batzordetik iritzia eskatu zieten Epaileen Nazio Batzordearen kideei, eta horien iritzia eta gurea berdina izan da, eta azkenean guri eman digute arrazoia”.