Garoa Martinez bermeotarrak Espainiako Halterofiliako Txapelketa lehiatuko du asteburuan
Domekan [ekainak 13] Molins de Rein (Bartzelona) herrian jokatuko du txapelketa.
Garoa Martinez bermeotarrak Halterofiliako Euskadiko txapelketa hirugarrenez irabazi du aurten, eta orain Espainiako titulua lortzeko erronkari aurre egingo dio. Espainiako Halterofiliako Txapelketa domekan [ekainak 13] lehiatuko du, 14:00etatik aurrera, Molins de Rein (Bartzelona) herrian.
64 kilo baino gutxiagokoen kategorian lehiatzen da Martinez. “Kategoria denen artean, guztira, 107 neska gaude, eta nire kategorian 24 ariko gara”, azaldu du.
Entrenamenduetan gustura aritu da, eta “mentalki ere ondo” dagoela azpimarratu du. Txapeldun geratzea erraz ez dela egongo dio: “Nahiago dut ezer ez espero, ez dut ilusiorik egin nahi. Nire kategoria beti da zailena, 64 kilotik beherako asko gaudelako. Kategoria nahiko gaitza da, beti egon naiz kategoria horretan. Ez gara denok sailkatzen, autonomia erkidego bakoitzetik zortzi bat sailkatzen dira. Berez, Espainian lehiatzen diren denak joanez gero, askoz ere gehiago izango ginateke”. Lan ona egitea da bere helburua: “Ondo egitea da helburua, eta ondo egiten badut irabazi egingo dut”.
Tituluak lortzeko eta berresteko gogor ari da lanean. Aurten lehenengo aldiz, Europako Txapelketan ere parte hartu du. Apirilean lehiatu zuen Moskun, eta 14. postua lortu zuen.