Arrizabalagak Plazaz-Plaza txapelketaren bere lehen kanporaketa jokatuko du
Arrizabalagak eta Mendiburuk Ruiz de Infante eta Ruiz de Larramendiren kontra jokatuko dute Otxandion, domekan [ekainak 13].
Aurreko asteburuan Nafarroan hasi zuten Plazaz-Plaza txapelketa, eta asteburu honetan Otxandion ariko dira pilotariak. Olatz Arrizabalagak Ane Mendiburugaz osatu du bikotea eta Ainhoa Ruiz de Infante eta Olatz Ruiz de Larramendiren kontra jokatuko dute, domekan [ekainak 13], 18:00etan hasita. Ados Pilotaren Facebook-etik zuzenean eskainiko dute.
Aurreko asteburuan bi partidu lehiatu zituzten, eta asteburu honetan, ostera, partidu bakarra jokatuko dute.
Olatz Arrizabalaga: “Uste dut Mendiburugaz bikote ona osatzen dudala, oso segurua”
Arrizabalaga eta Mendiburu lehenengoz ariko dira alkarregaz. Baina, bikotearen jokoa ondo ezagutzen du aurrelari gernikarrak, eta atzelari nafarra oso segurua dela zehaztu du. Konfiantza “askogaz” heltzen dira euren lehenenengo kanporaketara: “Beste txapelketa asko prestatzen ari gara, eta elkarrekin ez dugu egin entrenamendu askorik. Beste partiduak jokatzen ibili garenez, uste dut maila nahiko onean heltzen garela, eta konfiantza askogaz. Elkar ezagutzen gara, egia da ez dugula inoiz bikote moduan batera jokatu, baina ikusita daukat zelan jokatzen duen. Atzelari oso segurua da. Oso gaztea da, eta alde horretatik lagundu beharko diot, esperientzia apur bat erantsiko diot nik, eta berak gaztetasun hori”.
Partidu “gogorra” izango da, eta Arrizabalagaren ustez, partiduaren “iniziatiba” eurek hartu beharko dute, eta aurreko koadro horretan berak jokoa amaitu: “Eurak alkarregaz jokatu dute, ezagutzen dira eta batera aritzearen esperientzia hori badaukate. Uste dut Mendiburugaz bikote ona osatzen dudala, oso segurua. Defentsan oso ondo ibiltzen da bera atzean”.
Zortzi bikotek lehiatuko dute Plazaz-Plaza txapelketa, eta bi multzotan banatuta ariko dira kanporaketetan. B taldean dauden lau bikoteetako bat da Arrizabalaga-Mendiburu bikotea.
Talde edo multzoko onenak zuzenean finalerdietara sailkatuko dira (uztailaren 31n jokatzea aurreikusita dago), eta talde bakoitzeko bigarren eta hirugarren sailkatuek final-laurdenak lehiatuko dituzte uztailaren 24an eta 25ean. Finala, berriz, abuztuaren 14an izango da.
Arrizabalagak uste du euren taldean lehenengo postu horretan sailkatzeko aukerak badituztela: “Mendiburu ez da atzelaririk indartsuena, baina bai seguruenetariko bat, eta aurrean ni ondo ibiliz gero, diferentziak markatzen ditut. Edozer pasatu daiteke, baina uste dut lehen postu hori lortzeko aukerak baditugula”.
“Uste dut partidu gogorrak izango direla, gozatzekoak, eta lan asko egin beharko dugu final-laurdenetako txartela lortzeko”
Talde bietan bikote “nahikoa parekatuak” daudela dio gernikarrak: “Egia da plazako frontoietan jokatuko dugunez, ez dakigula ze frontoi mota tokatuko zaigun, eta horrek ere asko eragin lezake. Adibidez, Otxandioko plazako frontoia nahikoa berezia da jokatzeko. Frontoien egoerak jokatzeko moduan eragin lezake. Uste dut partidu gogorrak izango direla, gozatzekoak, eta lan asko egin beharko dugu final-laurdenetako txartela lortzeko”.