Presoek aurrez aurreko komunikazioak oraindik etenda dituztela salatuko dute Gernikan
Dispertsio politikan aldaketak egon direla baina "horiek ez direla nahikoa" esango dute barikuko manifestazioan, Gernika-Lumon.
Barikuan 19:00etan Merkuriotik hasita, Izan gaitezen (u)bidea lelopean manifestazioa egingo du Gernika-Lumoko Sarek. Pandemiaren ondorioz espetxe politikan komunikazioak etenda mantentzeak sortzen dituen “eskubide urraketak” salatuko dituzte herriko kaleetan zehar.
Presoek aurrez aurreko komunikazioak oraindik etenda dituztela gogoraraziko dute mobilizazioan. “Badirudi orain txertaketak aurreratuta doazen honetan, egoera hoberantz doala, baina espetxe politikei dagokienean, protokoloak ez dira aldatu azken hilabeteetan. Bere horretan diraute”, adierazi du Ibon Meñika Gernika-Lumoko Sareko kideak, eta salatu du protokoloak ez direla errealitatera egokitzen. “Ez dira neurriak malgutzen, eta presoaren eskubideak urratzen dituzte”. Egoera horrek, bereziki umeei eta adinekoei eragiten diela uste du Meñikak, senideekin egoteko ezintasuna sortzen duelako. “Hoberantz goazela dirudien arren, egoera horrek alarma bat piztu beharko luke herritarrengan, baina ez da hori gertatzen eta salbuespen politikak bere horretan jarraitzen dute”.
Halaber, dispertsio politikan aldaketak egon direla baina “horiek ez direla nahikoa” eta horretan sakondu behar dela gogoraraziko dute. “Egia da azken hilabeteetan nahiko estatiko egon den dispertsio politikaren mapa aldatuz eta hobetuz joan dela, baina oraindik orain asko dago egiteko. 210 pertsonak preso jarraitzen dute, eta mobilizatzearen beharra azpimarratzen jarraitzen dugu”, adierazi du Meñikak. Izan ere, urteetan gehiengo soziala artikulatzeko egindako lanak emaitzak ekarri dituela dio, baina amaierara arte lanean jarraitu behar dela uste du: “Euskal preso eta iheslariak etxean izateko bidean pauso gehiago emateko indarrak aktibatzen jarraituko dugu. Hori azpimarratuko dugu etzi”.
Aktibazio horrek duela urtebete Sarek martxan jarritako Izan Bidea dinamika iraunkorrari erantzuten dio. Orain, bigarren fase baterantz saltoa eman gura dute: “Lanean jarraitzearen beharrak salto bat ematera garamatza. Uda baliatuko dugu horretarako, elkarbizitzan eta etxerako bidean emandako pausoak sakonagoak izateko”.