Turismoa sustatzeko webgune berria estreinatu du Gautegiz Arteagako Udalak
Urdaibaiko turismoaren erreferentzia izatea da Gautegiz Arteagako Udalaren helburua. Webguneak herriko zerbitzu guztiak eta ondare zein natura baliabide guztiak batzen ditu.
Gautegiz Arteagako Udalak turismoa sustatzeko webgune berriztu bat zabaldu du: www.turismogautegizarteaga.eus. Bertan, herriak bisitariei eskaintzen dien guztia jaso dute.
Webguneak herriko zerbitzu guztiak eta ondare zein natura baliabide guztiak batzen ditu, Urdaibaiko turismoaren erreferentzia izatea baita udalaren helburua. Hori horrela, herriko turismoa zabaltzeko zerbitzu berri hau Gautegiz Arteagako ondare naturala ezagutzeko gonbidapena dela diote udal ordezkariek, baita tokiko ondare historiko eta kulturala ezagutzeko aukera ere. Izan ere, padurak, hegaztien behatokiak, hondartza, ostra haztegia edota xarma handiko landa auzoak aurkitu daitezke; baita ehun urteko errota, herriko gaztelu esanguratsua edota eraikin erlijioso baliotsu asko ere. Gainera, webgunea ostalaritza eskaintzaz gozatzeko gonbidapena ere badela diote. Gastronomiari dagokionez, atari turistikoak tabernen eta jatetxeen berri ematen du, baita kilometro zeroko sasoiko produktuak herriko ekoizleei erosteko aukeren berri ere.
“Gautegiz Arteagak asko dauka eskaintzeko landa-turismoaren arloan, eta hori dinamizatzea gure garapen ekonomikorako estrategiaren lan ildoetako bat da. Horretan gaude murgilduta”, adierazi du Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkateak. Turismo “jasangarria eta kalitatezkoa” bultzatu gura dute, herriko ondare historiko eta naturalaren balioa ezagutaraztea bilatzen duena. “Bisitariek benetako Gautegiz Arteaga ezagutzea gura dugu, eta bisitariak erakartzeko leku garrantzitsua bihurtzea herria, eskualdeko garapen ekonomikoaren helburu orokorragaz batzeko”, adierazi du alkateak.
Sei ibilbide.
Bidezidorren udal sarea izan zen gautegiz Arteagako turismo orriaren hasiera puntua, eta berriztutako webgune honetan, bidezidorren sareak gune nabarmena dauka, “turismo eskaintzaren indarguneetako bat delako”. Alkateak dioenez, “lan handia” egin dute bidezidor sarea sortzeko eta tokiko turismo irisgarri, iraunkor eta naturala sustatzeko: “Ibilbide digitalizatu eta geoerreferentziatuak dira eta arrakasta handia daukate. Ibilbide hauek paisaia balio handia izateaz gain, ondare balio historiko eta naturala ere badaukate”.
Sei dira zehaztu dituzten ibilbideak, euren zailtasunaren erreferentziagaz, aurreikusitako iraupenagaz eta ibilbidea mugikorrean deskargatzeko QR kodeagaz. Udalak ibilbide horiek jasotzen dituen 500 dibulgazio orri banatu ditu herriko ostalaritza eta kultura zerbitzuetan, baita Kortezubi, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Ereño eta Muruetako ostatuetan, Bird Centerren, eta Gernikako, Mundakako eta Bermeoko turismo bulegoetan ere.
Turismo atari berrian, haurren gozamenerako herrian dauden instalazioak ere ikus daitezke, baita herriko jaiak, ekitaldiak edota ostatu harteko gertu dauden aukeak ere. “Familia turismoaz, lasaitasuna edo hondartza bilatzen duen turismoaz, kulturaz, naturaz eta mendi ibiliez, edo hauen guztien konbinazioaz gozatzeko aukera dago. Mundu guztia animatzen dugu gure webgunean sartzera, ziur baikaude harritu egingo direla gure herriaren edertasunaz eta bere aukera turistikoez”, adierazi du Naberanek.