Mundakako Bisonteak bosgarren sailkatu dira etxeko estropadan
Mundakako Beteranoen I. Estropadan Badok 13 Zarauzko taldeak irabazi du bandera.
Mundakako Beteranoen I. Estropada lehiatu zuten zapatu arratsaldean, eta etxeko taldea bosgarren sailkatu zen. Zarauzko Badok 13 taldea izan zen azkarrena, eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiaren eskutik jaso zuen bandera bertako patroiak. 11 minutu, 30 segundo eta 38 ehunenetan amaitu zuen estropada.
Mundakako Bisonteek, berriz, 11 minutu, 55 segundo eta 68 ehunenetan burutu zituzten bi luzeak. “Egun polita izan zen, eta itzelezko estropada jokatu genuen”, azaldu dute taldeko arraunlariek. La Salve Liga hasi zutenetik, etxeko estropadan lortu dute emaitzarik onena, laugarrenarengandik ehuneneko gutxi batzuetara eta hirugarrenarengandik hiru segundora amaitu zuten: “Aurreko taldean egon ginen”. Herrian sortutako giroa “guztiz polita” izan dela azpimarratu dute.
Beteranoen La Salve Ligaren hirugarren estropada izan zen Mundakakoa. 11 traineru uretaratu ziren, eta irabazleen atzetik sailkatu ziren Pontejos, Getxo eta Fortuna taldeak. Bestalde, Mundakako taldeko bi arraunlarik Plentzia B taldean egin zuten estropada: “Talde denen artean giro oso ona daukagu, elkar laguntzen gara. Getxon ere jende faltan ibili dira, eta gu prest egon ginen eurekaz aritzeko”.
Uztailera bitartean asteburu guztietan lehiatuko dituzte ligako estropadak. Asteburu honetan Bilbon daukate hitzordua, eta bi traineru ateratzen saiatuko direla zehaztu dute Mundaka Arraun Taldeko Bisonteek: “Denok parte hartzeko aukera edukitzea nahi dugu, eta agian, neskak ere sartuko ditugu bigarren traineruan”.
*Argazkia: Mundaka Arraun Taldea