Gernika Rugby taldeak Mikel Azkarate omendu du
Taldeko jokalari, eta klubeko sustatzaile eta zuzendari ohia izandakoari eskaini diote aurtengo Kopa eta Ohorezko Mailara lortutako igoera
Gernika Rugby Klubak eta Basurde Zaharrek Mikel Azkarate Masapote jokalari, eta klubeko sustazaile eta zuzendari ohia omendu dute. San Juan Ibarra plazan duten tabernan egindako ekitaldi xume eta hunkigarrian, kopa eta Ohorezko Mailara igoera eskaini diote Azkarateri. Bilboko egoitza batean bizi da Azkarate gaur egun, eta ekitaldi hau baliatuta, sorterrira bueltatu da lau urteren ostean.
Gaur egun klubeko presidentea den Iñaki Uribek Azkarateri zuzendutako hitz batzuk ere izan zituen domekan egin zuten ekitaldian. Ohorezko aurreskua dantzatu zioten ostean, eta dantzariak amaitutakoan errugbi klubaren ereserkia kantatu zuten omenaldi ekitaldian bildutakoek. Hain zuzen, Azkaratek berak idatzitakoa da klubaren ereserkiaren letra.
Mokadua hartuta eta Agur Jaunak abestu ostean amaitu zuten ekitaldia.