Bermeo hirugarren sailkatu da Lekeitioko 42. Banderan
Busturialdea hamabosgarren sailkatu da. Oriok eta Hondarribiak eraman dituzte Lekeitioko Banderak. Oriok nahiko eroso menderatu zuen txanda eta Hondarribia ere gogor aritu zen.
Indarrak neurtu eta ligarako berotzen hasteko aukera eduki dute asteburuan Euskal Herriko traineruek Lekeition. Lekeitioko uretan jokatu da traineruen denboraldi-aurreko lehen test handia. Nesketan Lekeitioko X. Bandera Oriorentzat izan da, eta mutiletan berriz, Hondarribiak eraman du Lekeitioko 42. Bandera.
Gizonezkoetan, Bermeo hirugarren (21.38,84) sailkatu zen atzo, Hondarribiaren eta Zierbenaren atzetik, eta Busturialdea, berriz, hamabosgarren (23.12,68) geratu zen.
Emakumezkoetan Oriok, 3. kaletik, nahiko eroso menderatu zuen txanda, eta ziabogan 5 segundoko aldea atera zion Donostiarrari, 9 segundo Hondarribiari eta 11 segundo Arraun Lagunaki. Oriok ia 10 segundora handitu zuen Donostiarrarekiko aldea helmugan, Hondarribia hirugarren geratu zen 13 segundora eta Tolosaldea, berriz, laugarren, Arraun Lagunaken aurretik.
Gizonezkoak. Emakumeen lehia amaituta, gizonezkoen txandei ekin zitzaion. Lau txandatan aritu ziren, eta azkenengoan erabaki zen estropada. Emakumezkoetan Oriok egin zuen modura, Hondarribiak ere bere asmoak argi erakutsi zituen Lekeitioko uretan. Ama Guadalupekoak Orio, Zierbena eta Bermeorekin batera egin zuen arraun, eta hiru ziabogetan hiru marka onenak lortu zituen, Bermeo eta Zierbena atzetik zituela.
Hondarribiaren atzetik, Zierbena izan zen azkarrena azken luzean. Urdaibai gainditu zuen eta bigarren geratu zen Hondarribiarengandik 6 segundora. Bermeok 13 segundo galdu zituen, Donostiarra laugarren geratu zen sailkapen orokorrean 24 segundora eta Orio bosgarren 34 segundora.
Emakumeen sailkapeneko postu berdinak eskuratu zituzten Lea-Artibai eskualdeko gizonezkoen traineruak ere: zazpigarren geratu zen Eneko Bilbao bermeotarra patroia duen Ondarroako trainerua 48 segundora eta 11. Lekeitiokoa minutu bat eta ia 10 segundoko aldeagaz.