Laida, Laga eta Kanalako hondartzetara joateko autobus zerbitzua indartzeko eskatu dute udalek
Elantxobeko, Gautegiz Arteagako, Ibarrangeluko, Kortezubiko eta Sukarrietako udalek helarazi diote eskakizuna Bizkaiko Foru Aldundiari. Udalek bermatu gura dute euren udalerrietako bizilagunak hondartzetara joan ahal izatea eta aparkatzeko dauden "arazo larriak" arintzea.
Laida, Laga eta Kanalako Solabeko hondartzetara doan Bizkaibuseko autobus zerbitzua indartzeko eskatu diote Bizkaiko Foru Aldundiari. Elantxobeko, Gautegiz Arteagako, Ibarrangeluko, Kortezubiko eta Sukarrietako udalek egin diote eskaera formala.
Bat eginda, udan, iragarpen meteorologikoaren arabera, eta puntako orduetan, Laida, Laga, eta Kanalako hondartzetara iristeko udalerri horietatik igarotzen diren A3513, A3526 eta A3532 lineen maiztasuna handitzeko eskatu diote.
Neurri horregaz, udalek bermatu gura dute euren udalerrietako bizilagunak ibilgailu partikularrak erabili barik hondartzetara joan ahal izatea, “ibilgailu partikularrak hartzeko karga ahalmena oso mugatua baita”. Horrez gainera, hareatza horietan eta Elantxobe inguruan aparkatzeko dauden “arazo larriak” arintzea bilatu dute.
Diotenez, Laida, Laga, Kanala eta Elantxoben aparkatzeko leku askorik ez dagoenez, irisgarritasun arazoak sortzen dira askotan. Eta, urtero, nahiz eta hondartzen denboraldian Bizkaibuseko zerbitzu berezi bat egon, gero eta jende gehiago joaten da hondartzetara, aparkatzeko arazoa areagotuz. Urdaibaiko eskumaldeko herriek jasotzen dituzten bisitariak “bereziki asko” dira udan, eta herri horien orografia dela-eta, zaila dela aparkaleku publikoetarako espazioak sortzea adierazi dute udal arduradunek. Horregatik, “beharrezkotzat” ikusten dute garraio publikoaren maiztasuna areagotzea.
Jakinarazi dutenez, iaz, Gernika-Lumo eta Elantxobe bitarteko herrietako bizilagunak “behin baino gehiagotan” geratu ziren hondartzara joateko eta handik bueltatzeko Bizkaibus zerbitzurik barik, “puntako orduetan autobusak beteta igarotzen zirelako”. Eta hori dela eskuragarri duten garraio publiko bakarra gogoratu dute. “Itsasadarraren ertz honetan Bizkaibus linea da daukagun bakarra, eta, sarritan, autobusak beteta etortzen dira gure herrietatik igarotzean. Hori dela eta, gure bizilagunak hondartzez gozatu barik geratzen dira, irisgarritasun arazo batengatik, eta egoera hau ezin da berriro errepikatu”, adierazi dute udal arduradunek, eta egoera horrek bereziki gazteak eta adinekoak kaltetzen dituela esan dute.
Hori dela eta, iraunkortasunaren alde egiteko eta herritar guztientzako mugikortasun aukera berdinak bermatzeko helburuagaz egin diote eskaera aldundiari: “Ekimen honegaz garraio publikoa sustatu eta gure errepideak eta bazterbideak ibilgailu partikularrez libratu gura ditugu. Ingurumena ere ahal den neurrian babestu gura dugu, CO2 isurpenak gutxituz eta herritarrei oinez eta bizikletaz mugitzea bultzatuz”. Garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta herritarrak kontzientziatzeko aukera bat ere badela diote.
Tokiko bisitariak. Urte honetan, arazo hori areagotu egingo dela uste dute udal arduradunek. “Pandemiak gure ohiturak aldatu ditu, eta lehen gure hondartzetan jende asko batzen bazen, orain, jendetsuagoak izango dira. Izan ere, bakarkako eta taldekako aisialdi osasungarria bultzatuko da, eta errealitate horretan, eragina dauka atzerrira bidaiatzeko mugikortasun mugak. Muga horiek ez dira desagertuko, eta horrek bisitarien barne fluxuak handituko ditu”, arrazoitu dute.
Urdaibaiko hondartzak aisialdirako gune “oso garrantzitsu eta desiragarriak” direnez, eta aparkalekuen arazoari “urte luzez aurre egin dioten arren”, aurtengo uda “bereziki zaila” izango dela aurreikusi dute: “Pandemiak publiko fluxuak areagotuko ditu gune zabaleko espazioetara. Gure landa eremuetako gune batzuek jende ugari jasotzen dute urtero, eta aurreikuspenen arabera, uda honetan jende gehiago ibiliko da hondartzetan, eguraldi onagaz bereziki erakargarriak baitira”.