Sanpedroen ordez, elkarteek proposatutako jarduerak egin gura dituzte
Herriko San Pedro jaiei dagokienez, udalak azaldu du jende asko batzea eskatzen ez duten ekitaldi instituzionalak baino ez dituztela egingo.
Mundakako Udalak iragarri du aurten ere ez direla ohi modura ospatuko San Pedro jaiak, “COVID-19ak sortutako osasun egoeraren aurrean segurtasun neurri modura”.
Jaiak ohi modura egin ez, baina aukerak aztertuko dituztela esan du Mundakako alkate Mikel Bilbaok. Horretarako, herriko elkarteen laguntza eskatu du udalak: “Badakigu egungo egoerak ez duela ospakizun handiak egitera gonbidatzen, horregatik aurten ere herriko jaiak bertan behera uztea erabaki dugu, erantzukizunagatik. COVID-19 delakoak behartzen gaitu zuhurtasunez jokatzera eta kutsatze fokuak sortzeko edozein arrisku saihestera. Osasun neurriak errespetatzea guztion onerako arduratsuak izatea da. Baina badakigu zuhurtziaz eta osasun neurriak errespetatuz jarduerak egin daitezkeela. Horregatik, herriko elkarteekin hitz egingo dugu”.
Jendetza bako ekitaldiak. Alkateak herriko elkarteei eskatu die COVID-19aren segurtasun neurriekin bateragarriak diren jarduerak proposatzea. Hala ere, proposamenak aurkezteko epea amaitu da.
Herriko San Pedro jaiei dagokienez, udalak azaldu du jende asko batzea eskatzen ez duten ekitaldi instituzionalak baino ez dituztela egingo, “jendetzarik ez batzeko”.