Mijo Lizarzaburu militante feministak Queer teoriari buruzko hitzaldia emango du Ean
Zapatuan [ekainak 5] 11:00etan elkartuko dira Eskolondon, eta inguruko herrietako bizilagunei ere gonbidapena luzatu diete.
Mijo Lizarzaburu militante feminista ondarrutarrak Queer Teoriara hurbilpen bat hitzaldia emango du zapatuan [ekainak 5], 11:00etan hasita, Eako Eskolondoko erabilera anitzeko gelan. Sexu-joera eta genero eta sexu-identitatea zalantzan jartzen dituen teoria da Queer teoria.
“Harrotasun kritikotik berba egingo dugu hitzaldian. Ez da kasu harrotasun LGTBI+ bat, dena gero eta salgarriagoa, gero eta merkantilizatuagoa, gero eta erosoagoa, eta hitzaldian ahaleginduko gara tarte bat hartzen harrotasun kritiko batetik berba egiteko”, azaldu du ondarrutarrak.
Bedarona, Natxitua eta Eako Berdintasun batzordeak antolatutako hitzaldia da, eta Genero identitateari buruzko hausnarketa egiteko saioa izango dela esan dute. “Formakuntza jasotzeko, gure zalantza handiak argitzeko aukera izango dugu, gizartean gai horri buruz eztabaidak daude eta. Gaia pil-pilean dago. Feminismoaren ikuspegitik aztertuko dugu. Batez ere eztabaida planteatu nahi dugu; eztabaida beti da ona, eta eztabaida horri ere lekua egin nahi diogu Ean. Uste dugu udalerrian lehenengoz planteatzen dugula halako gai bat”. Askorentzat intereseko gaia delakoan, deialdi irekia dela azpimarratu dute, eta inguruko herrietako bizilagunei ere gonbidapena luzatu diete.
Aurreratu dutenez, hainbat gai lantzeko egutegia prest daukate, eta beraz, aurrerantzean ere eztabaida eta hausnarketa bultzatzeko beste zenbait saio eta hitzaldi egiteko asmoa daukate: “Feminismotik dagozkigun gaiei buruzko eztabaidak eta lanketak egitea beharrezko da. Egunean egon nahi dugu, eta horretarako halako eztabaidak planteatu nahi ditugu gure artean ere. Jende interesgarriaren ezagutzak eta pentsamenduak ekarri nahi ditugu Eara. Batzordetik bazterrak eta hautsak harrotu nahi ditugu. Ez dugu iritzi bakarra, aniztasuna dago”.