Gernika-Lumoko EH Bildu: "Aurrekontuen helburu nagusia pandemiak sortutako egoerari aurre egitea izan behar da"
Pandemiak eragindako krisiak ez dituela berdin kolpatu pertsona eta sektore guztiak dio EH Bilduk, eta koalizio abertzalekoek uste dute hori kontuan hartuta egin behar dela gastu publikoaren banaketa. Lau ardatzetan banatutako proposamena kaleratu dute.
Gernika-Lumoko Udal Gobernua aurrekontuak prestatzen hasi da. Joan den astean batu zen lehenengoz Ogasun Batzordea, eta EH Bilduk proposatu du aurtengo aurrekontuen helburu nagusia SARS-Cov-2ren pandemiak sortutako errealitate berriari aurre egitea izan behar dela: “Aurtengo egoera eta lehentasunak ez dira iazkoen edo orain dela bi urtekoen berdinak, eta 2019 edo 2020ko aurrekontuek ez dute 2021erako balio. Kalteak izan dira, izaten ari dira eta izango dira etorkizun hurbilean, eta normaltasun berrira iritsi orduko batzuentzat berandu izan daiteke”.
Pandemiak eragindako krisiak ez dituela berdin kolpatu pertsona eta sektore guztiak dio EH Bilduk, eta koalizio abertzalekoek uste dute hori kontuan hartuta egin behar dela gastu publikoaren banaketa: “Udala da herriko argazkia gertuen eta sakonen ezagutzen duen instituzioa eta bere esku dago beste erakundeetatik eratorritako neurriak tokiko berezitasunera doitzea”.
Hori horrela, errealitateari aurre egiteko aurrekontuen gastu banaketarako lau ardatzetan banatutako proposamena egin du Gernikako EH Bilduk. “Gure helburua adostasunez aurrekontuak lantzen saiatzea da, herritarren mesederako”, adierazi dute.
Lau ardatzak. Mugikortasun eredu eta espazio publikoen erabilera berriak zehaztu behar direla uste dute koalizio abertzalekoek. Horretarako, espazio publikoen erabileraren azterketa sakona egitea “beharrezkoa” dela deritze, herriaren diseinua horren arabera egokitzeko: “Pandemiak kale okupazioaren ohiturak aldatu ditu, eta premia berriak ekarri. Espazio publikoak gehiago erabiltzen dira eta ez espazio erabilgarria ez da handitu. Espazioaren erabilerak aztertu eta banaketa planifikatu beharra dago, herritarren interesen talkak saihesteko”.
Berdintasun Zerbitzuak indartu behar direla uste dute, pandemia garaian matxismoaren biktimen arretarako kontsultak igo egin direlako eta arreta psikologikoko zerbitzuen eskaeraren hazkundea nabarmena izan delako emakunderen arabera. “Orain arte udal aurrekontuek berdintasunari bideratutako diru partidak nabarmen txikiagoak izan dira antzeko ezaugarriak dituzten herriekin”. Hori dela eta, zerbitzua indartzeko orain arteko aurrekontua bikoiztea “beharrezkoa” dela aurreikusi dute.
Udalaren erantzukizuna dela “herria bizirik” mantentzea dio EH Bilduk, eta pandemiak negozio txiki, merkataritza eta ostalaritzan eragindako kaltea aritzera bideratutako laguntza programa martxan ipintzea “ezinbestekoa” dela deritzo. “Negozio txikien herenak egoera oso zailean geratu da, eta haietako asko betirako ixtera kondenatuta egon daitezke. Azken aurreikuspenen arabera, milatik gora izan daitezke pandemiaren eraginez Bizkaian ixtera behartuta egongo diren denda txikiak, Gernikakoak tarteko”.
“Konfinamenduak bertan behera utzi zituen kulturako ekitaldi ia guztiak, emanaldietako jende pilaketak osasunaren kalterako izango zirelakoan. Ondorioz, ia ezerezean geratu da 2020an udalak kultura programaziorako bideratutako gastua”, adierazi dute koalizio abertzaleko kideek. Horren aurrean, baina, aurrekontuan programaziora bideratutako diru-saila pandemia aurreko mailara itzultzea eskatu dute. Izan ere, uste dute udalaren erantzukizua dela herrian kultura eskaintza duin eta anitza bermatzea herritarren beharrizanetarako: “Herriko hainbat taldek egoera berriari egokitu dituzte emanaldien aforoak eta formatuak, kultura modu seguruan egin daitekeela frogratuz”.